Bidasoa Beheko egoera sozioekonomikoa ardatz
BDSKoop elkarteak lau saio antolatu ditu martxoan ekonomia sozialaren gaia jorratzeko. Lehen saioa ostiralean izango da.
BDSKoop-ek, Bidasoa Beheko ekonomia soziala eta tokiko garapena sustatzen dituen elkarteak, Bidasoa Beheko egoera sozioekonomikoari buruz hausnartzeko antolatu dituen foroen berri eman du. Topaketak lau saiotan egingo dituzte, martxoan zehar. Hona hemen datak:
- Martxoak 10: Ekonomia sozialeko enpresak.
- Martxoak 16: Gizarte eragileak.
- Martxoak 24: Administrazio publikoak.
- Martxoak 31: Konparaketa eta bateratze saioa.
BDSKoop-ek jakinarazi du honakoa dela ekonomia sozialari buruz elkartetik antolatzen duten laugarren foroa. Elkarteko kideek adierazi duten moduan, “beharrezkoa” da espazio iraunkorrak edo aldian-aldikoak sortzea eskualdeko ekonomiaren hausnarketa bateratua egiteko, ekonomiaren kalitate soziala hobetzeko modu berriak ezagutzeko eta iritziak eta jarrerak trukatzeko.
BDSKoop-eko kideek uste dute tankera honetako “ariketa kolektiboak” direla elkartearen lan ikuspegiaren oinarria, “tokiko garapen oro hura osatzen duten eragile guztietatik eta guztientzat egin behar baita”. Hori dela eta, baietsi dute foro horietan landutako edukiak bi urtetan garatuko den plan estrategiko batean jasoko dituztela, “ideiek balioa hartzen baitute praktikan jartzen saiatzen diren bitartean”.
Topaketa horien inguruko informazio gehigarria jasotzeko helbide elektronikoa eta 843 74 01 98 eta 622 15 59 14 telefonoak ahalbidetu dituzte.