Abisuak edota kexak jartzeko udal zerbitzuaren balantzea egin dute
Iaz, 5.401 abisu erregistratu zituen udal zerbitzuak, eta gehienak telefonoz egin ziren. Erantzuna ahalik eta azkarren ematen hobetu dute.
Abisu, kexa eta iradokizunak jasotzeko udal zerbitzuaren 2022ko balantzea egin du Monica Martinez Informazioaren Gizarterako eta Herritarren Partaiderako ordezkariak.
Iaz, zerbitzuak jasotako mezuen kopurua pandemia aurrekoaren parekoa izan zela adierazi du Martinezek. 2022an 5.401 abisu jaso zituzten; 2019an 5.415; 2020an, aldiz, 4.685; eta 2021ean 4.629. Hurrenez hurren, kaleen garbiketari, parke eta lorategiei, eta hiri hondakinei buruzko gaiak izan ziren nagusiak.
Urtero erantzuna emateko epea zaintzen ahalegintzen direla adierazi du ordezkariak. Eskaera erregistratu izan denetik erantzuna eman arteko batez besteko denbora 3,13 egunekoa izan zen, “zerbitzuaren historiako daturik onena”. Zerbitzuak aurten 25 urte bete ditu.
Batez ere telefonoz erabiltzen du zerbitzua herritarrak (3.549 jakinarazpen), eta aipatu beharra dago Internet bidezko erabilera ere igotzen ari dela.
Bestalde, zerbitzuak bitartekari lanak egiten dituela ere jakinarazi dute. Izan ere, udal atariaren bidez sartzen diren abisu, kexa edota iradokizunak beste administrazio batzuentzat edo kanpoko entitateentzat izaten dira. “Horrelakoetan, mezuak dagokionari bideratzen zaizkio: 2022an, 1.417 mezu, Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateari nagusiki”.