Pazko asteko atletismo eskola prest du BATek

Apirilaren 10etik 14ra izango da, eta 4 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta daude. Izen-emateak irekita daude jada.

Bidasoa Atletiko Taldeak prest du Pazko asteko atletismo eskola. Apirilaren 10etik 14ra 4 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteek hitzordua dute Plaiaundiko atletismo pistan. Atletismo saio horien helburua kirola egitea, adiskidetasuna sustatzea eta lagun berriak egitea direla azaldu dute antolatzaileek.

Izen-emateak irekita daude jada eta plaza mugatuak dituztela jakinarazi du klubak. Izen-emate ordena errespetatuko dela adierazi dute. Inskripzioak bi modutara egin daitezke: BATek ahalbidetutako galdetegia deskargatu eta klubeko bulegoetan entregatuz edo online galdetegia betez.

Atletismo eskoletan parte hartzeko bi ordutegi eskaini ditu BATek: 08:30etik 13:30era eta 08:30etik 14:30era. Bigarren aukera horrek hamaiketako gehigarri bat izango duela iragarri du klubak. Prezioei dagokionez, 08:30etik 13:30era doanak 90 euroko prezioa izango du; eta 08:30etik 14:30era doanak, aldiz, 105 eurokoa.

Kontsultak egiteko hiru bide ahalbidetu ditu BATek: 625 26 13 51 telefonora deitzea, helbide elektronikora idaztea edo 626 50 82 95 telefonora WhatsApp mezu bat bidaltzea. Horrez gain, eskolen inguruko informazio osoa BATeko webgunean aurkituko dute interesdunek.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.