Bihar zabalduko dituzte Irun kalea eta Bidasoa ibilbidea
Sabin Arana kalean egingo dituzte Kalez Kale Hondarribia Hobetzen programaren barruko hurrengo lanak. Hainbat trafiko aldaketa eragingo dituzte lanek.
Bihartik (hilak 7) aurrera, Irun kalea eta Bidasoa ibilbidea zabalik izango dira berriro, hala jakinarazi du Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Irekiera honen ondoren helduko da Kalez Kale Hondarribia Hobetzen programaren hurrengo geltokia: Sabin Arana kalean egingo dituzte lanak orain.
“Emandako epean bukatuko ditugu Bidasoa ibilbidea, Irun eta Axular kaleetan fresatze, asfaltatze eta margotzeko lanak. Bihar irekiko ditugun kale hauekin, hurrengo urratsa emateko prest gaude, eta horrela, Sabin Arana kalera pasako gara orain”, esan du Carrionek.
Hala, lan berri hauen ondorioz, bihartik erdigunera sartzeko noranzkoaren sarbidea moztuko dute, eta sarrerako zirkulazioa irekiko dituzten Irun kaletik eta Bidasoa ibilbidetik joango da. Ezingo da Sabin Aranako eskuineko aldean aparkatu, lehen asteetan lanak bertan zentratuko baitira. Hori bukatuta, errail hori irekiko dute, eta bestean hasiko dituzte lanak.
Autoentzat, aldiz, Sabin Arana kalea zabalik izango da Hondarribitik ateratzeko noranzkoan, eta bide horretako eskuinaldean aparkatu ahal izango da. San Kristobalgo autobus geltokiak Bernat Etxepare kalera mugituko dituzte. Gainera, Zuberoa kalera sartzeko Bidasoa ibilbidetik joan beharko da, eta egoiliar edo garaje jabeentzako bakarrik izango da zabalik.
Azkenik, Carrionek gogorarazi du otsailaren 20an bi astez bertan behera utzi zutela TAO sistema Portua auzoan eta Bentako aparkalekuan, baian dagoeneko abian dela berriro.