Auzoei eta ez hainbeste erdiguneari begirako politikak nahi dut EH Bilduk
EAJ eta PSE-EEren politika zentralistak salatu dituzte abertzaleek, eta erdigunean bizi ez direnenen zerbitzu eskubideak defendatu dituzte.
EH Bilduk salatu du EAJ eta PSE-EEren hiriari dagokion ikuspegi zentralistak Irungo kanpoaldeko auzoen beharrei ez diela erantzunik ematen.
Oihana Briones alderdiko ordezkariak adibide gisa jarri du kanpoaldeko auzotarren osasun zerbitzuak gertu izateko duten eskubidea: “Oinaurre, Belaskoenea, Landetxa, Urdanibia, Puiana edo Anakan bizi diren herritarrak gutxiesten dituzte, irundar horiek euren auzoen inguruan kokatutako anbulatorio batera joateko eskubidea baitute”.
Osasun zerbitzuaz gain, biztanleriaren zahartzeak dakarren erronkaren “aurreikuspen falta” dagoela deitoratu dute. Izan ere, koalizio abertzaleak irungo auzo bakoitza oinarrizko zerbitzuekin hornitzearen aldeko apustua egiten du, “egin ezean ezinezkoa izango baita herritarrak euren auzoetan duintasunez bizitzea”.
Osasun baliabideak edota bestelako zerbitzuak hirigunera hurbiltzeko beharrik gabe eskaini behar direla dio Brionesek. Bestela, EAJren proposamenari kasu egiten ariko direla dio.
Udal gobernuan dauden sozialisten jarrera arbuiatu dute ere. Zerbitzuak erdigunean bakarrik eskaintzeko politiketan atzera pausuak eman izana deitoratu dute: “Herritarrei Arreta emateko Zerbitzua (HAZ) auzoetara eramateari; gizarte-ongizateko zerbitzuak deszentralizatzeari; edota Katea auzoaren inguruan hirugarren kiroldegi bat eraikitzeko inbertsioak adosteari uko egin diete”.
Azkenik, auzoen egoerari buruzko azterlan bat egiteko eskatu zutela bi urte gogoratu du EH Bilduk, baina “egun ez dugu azterketa horren emaitzen berririk, ezta inongo inbertsiorik egin ere zentroan bizi ez garenon bizitzak errazteko”.

