Lehia eta ekitaldi mordoa izango dituzte errugbilariek asteburuan
Lau partida eta beteranoen omenaldia dira asteburuko menua. Kirol arloan, emakumeek bigarren lagunartekoa jokatuko dute eta gizonen lehen taldeak partida garrantzitsua du igoeraren lehian.
Partidaz betetako asteburua izango du Txingudi Errugbi Taldeak, emakumeek, gizonen lehen taldeak, 14 urtez azpikoek eta eskolako gazteek jardunaldia baitute.
Emakumeen taldeak bere bigarren lagunarteko neurketa jokatuko du larunbatean, Mungiako Atxurizubi zelaian, 12:30ean. Maider Aizpurua eta Asun Gamindez prestatzaileek hogei jokalari izango dituzte zelairatzeko prest. Klubak jakinarazi duenez, urtarrilean Iruñean jokatu zutenetik, taldea sendotu eta jokalari berri gehiago erakartzeko gai izan dira.
Larunbatean ere gizonen lehen taldeak partida garrantzitsua jokatuko du Gasteizen Gaztedi B-ren aurka, 16:00etan. Arabarrak hirugarren dira sailkapenean eta Zaisa Txingudik baino sei puntu gutxiago dituzte. Txingudi, aldiz, bigarren da sailkapenean. Bidasoarrek garaipena eta bonus puntu bat lortzen badituzte, ligako bigarren postua matematikoki ziurtatuko dute. Egoera hori bermatzeko, irabazi eta lau entsegu lortu beharko dituzte.
Iñigo Camarero entrenatzaileak lehia “zaila” aurreikusten du larunbatean: “Erronka zaila izango dugu Gasteizen, baina ez ezinezkoa. Joaneko partidan 27-19 irabazi genuen, baina dezente kosta zitzaigun neurketa aurrera ateratzea, 50. minutuan atzetik baikinen markagailuan. Azken minutuetan burua hotz mantentzeak egoera iraultzea lagundu zigun”.
14 urtez azpikoak ere Plaiaunditik urrun zelairatuko dira larunbatean. Errugbilari gazteek Hernaniko Landare zelaian jokatuko dute, 15:00etan, B multzoko lidergoan den Hernani B-Atletico San Sebastian taldearen aurka. Puntuak lortzea funtsezkoa izango da Txingudirentzat goiko postuen borrokan jarraitu nahi badute.
Errugbi eskolako gazteek ere topaketa izango dute igandean. Arrasaten arituko dira, 10:30ean, eta Arrasate, Zarautz, Beltzak, Bera Bera B eta Rioja taldeen kontra jokatuko dute.
18 urtez azpikoak, aukera gabe
Iragan asteko partidei dagokionez, Txingudi-Uribealdeako 18 urtez azpiko taldeak alde nabarmenarengatik galdu zuen Gernikan Gernika-Arratiko taldearen aurka. Lehenengo zatia parekatua izan arren, etxeko taldea 8-0eko abantailarekin iritsi zen atsedenaldira. Bigarren zatian Gernika-Arratikok hiru marka eta eraldaketa bat lortu zituen, 25-0eko aldeko emaitza lortuz.
Beteranoen omenaldia, larunbatean
Lehiaz harago, errugbi elkarteko kideak jai giroan ibiliko dira larunbat honetan, klubeko beteranoak omenduko baitituzte. 11:00etan Plaiaundira gerturatzen diren guztiek tokata bat jokatu ahal izango dutela aurreratu du klubak, ohiko hirugarren denborarekin bukatuz. Eguerdian jaiak Gabiria jatetxean jarraituko du, bertara joango baitira bazkaltzera. Eguna, berriz, Txingudi Errugbi Taldearen tabernan bukatuko dutela esan dute.