Iker Arozena, Europako Txapelketan bihartik aurrera
Luzera jauzilari hondarribiarrak bihar du Istanbulen sailkapen proba. Horrez gain, 20 urtez azpiko eta Master Mailako Espainiako Txapelketak lehiatuko dira.
Bidasoa Atletiko Taldeko kideek lehiaz betetako asteburua dute aurretik. Denetan esanguratsuena Iker Arozena luzera jauzilariak izango du, hondarribiarra Istanbuleko (Turkia) Europako Txapelketa absolutuan izango baita. Arozenak bihar (ostirala) lehiatuko du, eta sailkapeneko hiru jauzi izango ditu. Finalera sailkatuko balitz, igandean lehiatuko luke. Europako Txapelketa Teledeporten jarraitu ahal izango da.
Asteburuan ere 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketak jokatuko dira Sabadellen (Katalunia), BATeko lau atletaren parte hartzearekin. Beñat Mikelarena eta Laia Olaskoaga 200 metroko proban arituko dira; Joaquin Alonsok hesietako proban lehiatuko du; eta Mario Estangak pertikako proban hartuko du parte.
Antekeran (Malaga) Master Mailako Espainiako Txapelketak jokatuko dira, eta BATeko sei kirolarik hartuko dute parte. Hauek dira parte hartzaileak:
- Jone Ausan: 60 eta 200 metro.
- Arantxa Ausan: 200 eta 400 metro eta hesiak.
- Jose Mari Zabala: 60, 200 eta 400 metro.
- Fernando Garcia: 200 eta 400 metro.
- Gustavo Gutierrez: hesiak.
- Susana Ruiz: 400 eta 800 metro.