Hirugarren Lannahi programako matrikulazioa irekitzera doaz
Datorren astelehenetik (martxoak 6) aurrera egin daiteke euskara ikasteko programa honetan matrikula. Ikastaroa, apirilaren 17tik ekainaren 23ra egingo da.
Irungo Udal Euskaltegiak martxan jarriko du Lannahi programaren hirugarren txanda. Egitasmo hori langabezian dauden pertsonei zuzendua dago, haren bitartez euskara debalde ikasteko.
Hirugarren txandako ikastaroa 2023ko apirilaren 17an hasi eta ekainaren 23an bukatuko da, baina izen-emateak 2023ko martxoaren 6tik 16ra egin behar dira.
Irungo Udalak Lannahi programaren bost txanda eskainiko ditu guztira 2022-2023 ikasturtean, hiru ikasturtean zehar, eta beste biak, udan. Ikasturteko hautua egiten dutenek, goizeko txandan lau orduz ariko dira euskara ikasten, eta arratsaldeko txandan, berriz, hiru orduz. Udan, aldiz, lau ordu ariko dira goizez.
Programan izena eman nahi dutenek internet bidez egin ahal izango dute SAC24h webgunean edo HAZeko autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, Irun Txartela edo NA elektronikoa eta Izenpe bezalako ziurtagiri elektronikoak erabili beharko dituzte. Horrez gain, aurrez aurre ere eman daiteke izena Irungo Udal Euskaltegian.
Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik, gainontzekoek mailaketa proba bat egin beharko dute. Proba hori egiteko beharrezkoa da hitzordua eskatzea 943 50 52 73 telefonoan.
Ikastaroa doakoa izateko honako baldintzak bete behar dira:
- Lanbiden lan eskatzaile bezala inskribatua egotea.
- Langabezian egotea, %50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren %50 ez gainditzea.
Baldintza horiek betetzen ez dituzten pertsonek matrikula ordaindu beharko dutela zehaztu dute. Dena den, ordaindutako kopurua udalak urtero ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dute.