Emakumeen Egunerako mobilizazioa deitu du Itaiak
Larunbat honetarako egun osoko egitaraua antolatu du Itaiak, martxoaren 8ko mobilizazioaz gain.
Bidasoko Itaiak larunbat honetarako (martxoak 4a da) egitaraua kaleratu du, martxoaren 8a “Emakume Langileon Nazioarteko Eguna” delako. Palmera Montero Gunean izango dira egun osoan.
Itaiak hausnarketarako espazioa da proposatzen duena, “emakume langileok gaitasun politiko eta sozialak garatzeko”. Ezinbestekotzat jo dituzte aipaturiko helburua betetzeko espazioak sortzea, baita ere “indarkeria matxistaren gainean hausnartzeko eremuak aurkeztea”.
Ildo horretan, larunbat honetako egitaraura gonbita egiteaz gain, martxoaren 8an San Juan plazan, 19:00etan elkartzeko egin duten mobilizazio deiarekin bat egitea eskatu dute.
Goizean, hausnarketarako espazioa.
10:30ean: Nola antolatu indarkeria matxistari aurre egiteko? hitzaldia.
11:30ean: Hamaiketakoa.
12:00etan: Emakume langilea eta osasun mentala hitzaldia.
14:00etan: Bazkaria. Tiketak bost euroren truke dituzte salgai. Horretarako, Instagramen edota Twitterren @Itaia_bidasoa kontura idatzi behar da.
Bazkalostean: Zehaztu ez duten musikari baten kontzertu akustikoa.