EAJ kiroldegien "publiko-pribatuaren alde" dago
Kirol langileen greba "saihestu zitekeen egoera" dela diote, eta bi aldeei elkarrizketari ekiteko eskaria egin diete.
Kiroldegietako langileek gaur hasi dute igandera bitarteko greba eta egoera horren aurrean EAJk adierazi du “saihestu zitekeen egoera baten” aurrean daudela.
BPXport 2022ko irailean udal kiroldegiak kudeatzen hasi zenean Irungo Udalarekin kontratu bat sinatu zutela diote, eta agiri horretan, ez zela jaso “langileen soldaten eguneratzea” azaldu dute.
Irungo Udala ez dela “egoera horri ekonomikoki aurre egiteko” arduraduna diote jeltzaleek, baina udalaren esku dagoela “sor daitekeen egoera aurreikustea” berretsi dute.
Kontratuak “zalantzak eta ezinegonak” sortu dituela langileen artean diote, eta horregatik protestara eta grebara joan direla. “Egoera saihesgarria eta desira ezina da erabiltzaile eta abonatu guztientzat”.
Kudeaketa ez-eraginkorra azaleratu dela uste dute, eta EAJk kudeaketa “publiko-pribatuaren aldeko apustua” egin du. “Kudeaketa eredu horrek eraginkortasuna erakutsi du, eta interes orokorra betetzea defendatzen du”.
Auzi honetan inplikatutako bi aldeei “elkarrizketei berrekiteko” eskatu diete, “erabiltzaileek pairatzen duten egoera honi irtenbide bat eman ahal izateko”.