Hondarribiko zerrenda hautatzeko bozketa egingo du EH Bilduk
Zerrenda "berritua eta anitza" aurkeztuko dutela dio koalizio subiranistak, "ilusioa piztuko duena". Bihartik larunbatera bitarte bozkatu beharko da.
Hondarribiko EH Bildu maiatzeko udal hauteskundeei begira jarri da, eta jakinarazi du herrian aurkeztuko duten zerrenda bozkatzeko unea iritsi dela. Bozketa telematikoa egingo dute, bilkideek lotura honetan bozkatu beharko dute, bihartik (hilak 2) larunbatera (hilak 4) bitarte.
Zerrenda “berritua eta anitza” aurkeztu dutela diote EH Bildukoek, “ilusioa piztuko duen zerrenda” dutela.
Telematikoki bozka eman beharko duten lagunei laguntza eskainiko diete ostiralean (hilak 3), Muara Kultur Elkartean, 17:00etatik 19:00etara. “Hondarribiko bilkideak animatu nahi ditugu aipatutako pausoa ematera eta aurkeztuko duten zerrenda onartzera”, erantsi dute koalizioko kideek.