Abotsanitz: "Ez diogu kreditu feministarik ematen gobernu talde honi"
Udal gobernuak azken urteetan Martxoaren 8aren harira hartutako konpromiso gehienak bete gabe daudela salatu du alderdiak. Berdintasunaren aldeko borroka EAJren eskuetan "branding tresna batean mutatu" dela diote.
Aurtengo Martxoaren 8aren harira, udal gobernuak azken urteetan hartutako konpromisoen betetze mailari buruzko gogoeta egin du Abotsanitzek. Aurten hartuko diren konpromisoen gaineko hausnarketa ere egin dute, eta udal talde guztiekin bilera bat egiteko eskatu dute.
2019tik hona hartutako konpromiso guztiak zerrendatu dituzte, eta bakoitzaren betetze maila zehaztu dute. Abotsanitzek emandako datuei erreparatuta, 2019tik, zerrendatutako 28 konpromisoetatik bakarrik bost bete dira. Bestalde, lau konpromiso bete ote diren zalantza du taldeak, edo “egin dena oso murritza” izan dela esan dute. Hau da, 28 konpromisoetatik 19 bete gabe geratu direla salatu dute, amorruz.
Berdintasunaren aldeko borroka Hondarribiko EAJren eskuetan “branding tresna batean mutatu” dela salatu dute lehenik, “oso estetizatua eta jatorrizko esanahia husteko mehatxua egiten duena”. Jeltzaleak botere banaketa desorekatuaren irudia garbitu nahian dabiltzala diote, “berdintasunaren aldeko borroka sistemari egokitzeko helburuarekin” egiten dutela lan, “eta ez sistema bera ezbaian jartzeko eta benetako aldaketak egiteko”. Horretarako feminismoa “selektiboki” bideratzen dutela erantsi dute.
Urtero adostu eta onartu dituzten konpromisoen gauzatze mailaren inguruan hausnarketa egin du taldeak. Urtero alderdi jeltzaleak EUDELek egindako deklarazio instituzionala proposatzen duela diote eta honetan aldarrikatzen dela “tokiko erakundeak indartu eta sareak eraiki behar direla”. Honek, baina, “oso anbiziotsuak” diren konpromisoak jaso eta gero, “arazoa” sortzen duela diote, “udal gobernu honek gauza daitezen baliabideak ez baititu jartzen”. Ondorioz, konpromiso horiek “hutsak” geratzen direla esan dute. Horregatik bilera bat eskatu dute talde guztiekin, “2023 urteari begira gauzatu ahal diren konpromisoen adierazpen bat egikaritu dezagun”.