Sei komun publiko berri izango ditu Hondarribiak aurki
Sei komun berri eraikitzen hasi da udala, apirilerako bukatzea aurreikusi dute. Gonzalo Carrion zinegotzi eta alkategaiak "oso urrats garrantzitsua" dela esan du, orotara hamar komun izango baititu Hondarribiak.
Hondarribiarrek sei komun publiko berri izango dituzte erabilgarri aurki, horiek eraikitzeko lanekin hasi berri da udala. Horren berri eman du Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi eta alkategaiak. Lan hauekin “oso urrats garrantzitsua” ematen dutela esan du Carrionek, “proiektu honekin Hondarribiak hamar komun publiko izango baititu hiri osoan zehar barreiatuta”.
Zehazki, Guadalupen, Europa ibilbidean, Martxoak 8 plazan, San Juan de Dios inguruan, Amute kirol gunean eta Mendelu auzoak jarriko dituzte berri horiek. Egun, Bentan, Soroetan, Espigoiaren hasieran eta Ramon Iribarren pasealekuaren bukaeran daude komunak.
Mugikortasun urriko pertsonei egokitutakoak izango direla azaldu du alkategaiak. “Sei komun-kabina izango dira, bakarrik garbitzen direnak, erabilera mistokoak eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutakoak”. Guztiek kanpoaldean pixatoki anikoitza izango dute, baita babes manpara bat ere. “Kalitate handiko materialak” erabiliko dituztela zehaztu du, “iragazgaitzak, eraso bandalikoen aurkakoak eta higadurarekiko erresistenteak” izango direnak. Hala, Guadalupe, San Juan de Dios, Amute eta Mendeluko komun berrien kanpoko estaldura altzairu ebakiz egingo dute; eta zeramika handiz Martxoak 8 plazakoan. “Material bakoitza komun edo pixatoki zehatz horrek izango duen kokapenarekin bat etor dadin saiatu gara”, erantsi du Carrionek.
Enpresa esleipendunak gehienez ere lau hileko epea izango du proiektua egiteko, beraz, apirilaren azken egunetarako lanak bukatzea aurreikusi du udalak.