Emakume Abertzale Batzaren omenezko erakusketa, abian
EABk azken 100 urteetan izan duen "lan eskerga eta garrantzia" goraipatzeko erakusketa antolatu dute udalak eta Sabino Arana Fundazioak. 24 panel jarri dituzte Arma Plazan, emakume hauek "Euskadiren alde egindakoak eta bizi izandako esperientziak ikusarazteko" asmoz.
EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez izeneko erakusketa ikus daiteke dagoeneko Arma Plazan. Hondarribiko Udalak eta Sabino Arana Fundazioak elkarlanean antolatutako erakusketa honek “Emakume Abertzale Batzak izan zuen lan eskerga eta garrantzia” goraipatu nahi dute. Gaur inauguratu dute ofizialki, eta bertan izan dira, besteak beste, Txomin Sagarzazu alkatea, Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioko presidentea.
Emakume Abertzale Batzaren (EAB) sorreraren mendeurrenaren harira antolatu dute erakusketa, “duela 100 urte, gizarte eredu berria proposatu eta ekimen nahiz jarduera ugari bultzatu zituzten emakumeek Euskadiren alde egindakoak eta bizi izandako esperientziak ikusarazteko” asmoz.
24 panelez osatutako erakusketa da, gaikako se multzo handitan banatu dituzte. Hauetan, elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jaso dituzte.
EAB
1922an eman zituzten elkartea sortzeko lehen urratsak, Cumann na mBan irlandar emakume abertzaleen elkartea eredutzat hartuta. Ehun emakume inguru bildu ziren elkartea osatzeko. Honako helburuak finkatu zituztela diote udaleko iturriek: “abertzaletasuna zabaltzen laguntzea ongintzaren eta propagandaren bidez, eta euskara nahiz euskal kultura sustatzea eta haien ezagutzan sakontzea”. EABren aldirik emankorrena 1931 eta 1936 urteen artean izan zen, hainbat talde sortu baitziren Euskal Herriko udalerri gehienetan. 1936an, 28.000 emakume bano gehiago ziren elkarteko kide.
Sabino Aranaren Jaun-Goikua Eta Lagi-zaŕa leloan funtsatu zuen elkarteak bere pentsamoldea, “euskal gizarte tradizionalean oinarri sendoa zuela eta etxekoandrearen irudiari hertsiki lotuta zegoela”. Halere, EABko kideak “etxeko ohiko eremutik atera” zirela diote, eta “elkartasunaren, irakaskuntzaren eta kultura transmisioaren esparruetan” jardun zutela. “Eta denbora igaro ahala, gizartean eta politikan ere aritu ziren, betiere JEL doktrinari jarraiki”.
Fundazioak erantsi duenez, gerra garaian lana banatu eta gudarientzako arropa egiten zuten eta mantak eta berokiak biltzen zituzten. EABk atzeguardian gauzatutako lana “ezinbestekoa” izan zela diote Sabino Arana Fundazioko kideek. “Beharrezkoa zenean, erbestera joandako umeei lagundu zieten eta gudariei babesa eskaini zieten. Espioitza lanetan ere gogotik jardun zuten emakumeek. Erbestealdian, biziki garrantzitsua izan zen EABren ekinbidea, erbestean zeuden agintari abertzaleak eta frankismoaren aurka aritzen ziren barruko erresistentziako kideak harremanetan jarrita, espetxeetan nahiz kalean ibilita”, erantsi dute.