Adostasunik gabe, aste honetako grebari eutsiko diote kiroldegietako langileek
Gaur goizean izan dute bilera enpresako ordezkariekin, baina bi urtera begirako proposamena da jasotakoa. Sindikatuek eta langileek bihar Artalekun, 20:00etan izango den elkarretaratzeari, eta martxoaren 2tik 5erako grebari eustea erabaki dute.
Iragan ostiralean grebara joko dutela udal kiroldegieetako langileek jakinarazi zuen ELA sindikatuak. Gaur BPX enpresako ordezkariekin negoziatzeko eseri direla eman dute berri.
Azken bilera otsailaren 22an izan zuten, eta langileen eskaera guztiak baztertu zituen enpresak, honenbestez, gaurko beste bilera bat konbokatuz. “Gaurko bilerara iritsi arte, ez genekien zein izango zen enpresaren kontraproposamena, nahiz eta aurrez bidaltzea eskatu genien”, salatu du sindikatuak.
Ez da aurrerapausorik eman gaurko batzarraren ondoren, enpresaren proposamena datozen bi urtetan zehar gauzatzekoa litzatekeena izan delako. Zehazki, 2023rako %0,5eko igoera eta 2024rako beste %0,5eko igoera da mahai gainean BPX enpresak jarritakoa.
Beraz, “langileak beste bi urtez izoztuta uzteko proposamena” dela baloratu dute langileek. Egoera horren aurrean martxoaren 2tik 5era bitarteko greba deialdiari eutsiko diote.
Gainera, negoziaketa “greba bertan behera utziko” balute hasiko litzatekeela dio sindikatuak. Baina, hartara ere, bi urtera begirako baldintzak aldatzea lortuko lukete soilik, eta langileen arteko ezin egona ezkutatuko litzatekeela ere deitoratu du ELAk.
Udal garbitzaileen manifestazioetan egin bezala, azpikontraten jokoa seinalatu du sindikatuak eta ez dela “inondik inora onargarria” adierazi dute. “Azpikontraten jokoan, berriro tartean langileak harrapatuta”.
Kirol langileen kasuan, BPX enpresa aurretik zegoen Bidasoa XXI enpresak ez zuela hitzarmena negoziatuko esan eta gero Artalekuren eta Azken Porturen kudeaketa lanak utzi zituen.
Orain, BPXk ere ez negoziatzearen jarrerari eutsi dio, “baldintza determinatu batzuetan sartu zelako eta bere mozkinak ez dituelako jokoan jarriko. Eta bitartean langileak erdian”.
Sindikatuak argi erantzun du: “Ez gaude tenis partida batean ikusle pasibo izateko prest. Parte hartu nahi dugu negoziaketa honetan agente aktibo bezala”.
Bien bitartean soinua egingo dute, bihar, Artalekun, 20:00etan, Skanderborg-Aarhus taldearen aurka etxeko taldeak duen partidaren aurretik kontzentrazio batekin.