Mugikortasun arazoei irtenbide bat emateko aurrera pausoak
Mendelu auzoan dituzten mugikortasun arazoekin amaitzeko babesa eskatzeaz gain, Bidasoko eskualdeko mugikortasun arazoei irtenbide bat emateko hainbat eskakizun egin zituen Mendelu Zaharra auzo elkarteak Irungo osoko bilkuran. Mozioak PSE-EEren, EAJren, Ahal Dugu-Ezker Anitza eta PPren babesa jaso zuen. EH Bilduk, berriz, abstentziora jo zuen.

Joan den ostiralean Irungo Udaletxean egin zen otsaileko osoko bilkuran mozio bat aurkeztu zuen Mendelu Zaharra auzo elkarteak.
Mendelu auzoan duela 30 urtetik dituzten mugikortasun arazoekin amaitzeko babesa eskatzeaz gain, Bidasoko eskualdeko mugikortasun arazoei irtenbide bat emateko hainbat eskakizun egin zituzten: kutsadura akustikoa eta negutegi efektuko gasak gutxitzea; Plaiaundi Parke Ekologikoa eta Jaizubiako padurak babestea; mugikortasun jasangarria bermatzea bidegorriak ezarriz eta Bidasoko eskualdeko hirien arteko loturak osatuz; hiritarren bizi kalitatea handitzea; eta ingurugiroaren kontserbaziorako administrazioen konpromisoa agerikoa izatea.
Bestalde, bilkuran aurkeztutako mozioan Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta zehazki, Bide Azpiegituretako diputatuarekin bilera bat egitea eskatu zuten. Lehen bilera gauzatu baino lehen, gainera, Mendelu Zaharra Auzo elkarteak aldundiari plan bat bidaltzeko konpromisoa hartuko lukeela esan zuen. Era horretan, lehen bileran plangintza horren lehen erantzun teknikoa jasoko lukete. Teknikariak ere bileran izatea eskatu zuten “planaren erantzunaren nondik norakoak azaltzeko”.
Irtenbidea martxan jartzeko alderdi guztien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mendelu Zaharra auzo elkartearen arteko akordio bat sinatzea eskatu zuten: “Era honetan Udal eta Foru hauteskundeen emaitzek ez lukete eragina izango hartutako konpromisoa gauzatzeko, eta arazoak lehentasuna izango luke” nabarmendu zuten.
Azkenik, auzo elkarteak Irungo eta Hondarribiko talde politiko guztien babesa eskertu zuten. Mozioak PSE-EEren, EAJren, Ahal Dugu-Ezker Anitza eta PPren babesa jaso zuen. EH Bilduk, berriz, abstentziora jo zuen.