Martxoak 8 egunaren inguruko programazio oparoa aurkeztu dute
Bihar (hilak 28) hasi eta martxoaren 12an amaituko dira Martxoak 8 egunaren inguruko jarduerak. Hondarribiko Udalak Emeki Emakume elkartearekin elkarlanean antolaturiko jarduerak dira gehienak.
Gaur goizean Martxoak 8 egunaren inguruko programazioa aurkeztu du Hondarribiko Udalak Emeki Elkarteko kideekin batera. Martxoak 8 plazan elkartu dira, beste urte batez, elkarlanean antolaturiko ekintzen berri emateko. Jarduerak bihar (hilak 28) hasiko dira eta martxoaren 12an amaituko dira.
Gotzone Larrarte zinegotziak lehenik eta behin Martxoak 8 egunaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Nazio Batuen Erakundeak ezarri zuen eguna emakumeen eskubideen aldeko lana aldarrikatzeko, emakumeen parte hartzea sustatzeko eremu guztietan eta baita emantzipatzeko ere. Ikusten ari gara emakumeen ahalduntzearen garrantzia zabaltzeko eguna dela, eta lortu ditugun eskubideak eta ahalmenak bermatzeko eguna ere. Emakumeak historian zehar borroka izugarria egin dute eskubideak lortzeko eta Martxoak 8 eguna beraiek gogorarazteko da. Baita ere indarra hartzeko eta berdintasunezko gizarte bat lortzeko. Oraindik badaukagu bidea egiteko eta horretan jarraituko dugu”.
Emeki Emakume elkartean egunero egiten dute emakumearen alde, baina Martxoak 8 egunaren inguruan bereziki, astebeteko ekintzak antolatzen dituzte. Maria Jesus Berrotaranek eman du ekintzen inguruko xehetasunen berri: “Denetik daukagu, programa luzea dugu. Honekin indartu egiten dugu egunero egiten dugun lana eta egun bateko egitaraua prestatu beharrean aste beteko ekintzekin indartzen dugu”. Zenbait ekintza udalaren laguntzarekin antolatu dituztela azaldu du, beste batzuk berriz, beren ekimenez.
Egitaraua honakoa da:
Martxoaren 8an eguerdiko 12:00etan bilduko dira Martxoak 8 plazan. Iaz egin bezala, aurten ere, Sare Morea zintzilikatuko dute. Emeki elkarteak Hondarribiko eskolekin egindako lanketa bereziaren emaitza da. Haurrek Martxoak 8 egunaren zergatiaren eta egunero lantzearen garrantziaren inguruko hausnarketa egin dute, sarea lanketa horren isla izango da. Arratsaldean berriz, Bidasoko eskualdeko manifestazioarekin bat egingo dute. 17:30etan Martxoak 8 plazatik Irunera abiatuko dira.
Hondarribiko Udaleko gazteria sailak, bestalde, Prebentzio komunitarioarekin Gazte eragile taldeekin hausnarketa eta Rallya antolatu dute. “Berdintasunaren gaia urte guztian eta arlo guztietan jorratu behar den gaia da. Horregatik, Prebentzio komunitarioan eskolekin urte guztian zehar egiten den egiten den programan txertatuta dago Tratu onak programarekin” azaldu du Maria Serrano zinegotziak. Oraingo honetan, gazteek Hondarribian dauden eremu seguruen inguruko hausnarketa egin beharko dute. Julia Lasarek tximeleta bat diseinatu du eta rallyaren egunean identifikatutako eremu seguru horietan tximeletak ezarriko dituzte. Hausnarketa hilaren 28an eta martxoaren 3an egingo dute, Rallya berriz martxoaren 7an izango da. Soroetan hasi eta ibilbidea egin ondoren Gaztelekuan bukatuko dute. Bestalde, Tratu onen inguruko hausnarketa ere egingo dute martxoaren 6-9 artean. Patioak tizatzea ariketaren zati garrantzitsua izango da.
Egitarau osoa kartelean ezarrita dagoen QRan ikus daiteke.