Artalekuko eta Azken Portuko langileek grebara joko dute martxoaren 2tik 5era
BPXSport enpresak kiroldegien kudeaketa beregain hartu zuen duela gutxi, eta langileei esan die ez dela "aurretik datozen arazoez" arduratuko.
Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako BPXSport azpikontratako langileek grebara joko dute martxoaren 2tik 5era. Kiroldegien 10.000 abonatuengan eta Bidasoa Iruneko partida ofizialetan eragina izan dezakeela azaldu dute.
Antxeta Irratian egindako adierazpenetan, Xabier Etxaniz ELA sindikatuko ordezkariak azaldu du lehenik eta behin, elkarretaratzea egingo dutela bihar, asteartea, 20:00etan, Artalekun, Bidasoa Irunek EHF Europa Ligako neurketa duela aprobetxatuta. “Martxoaren 5ean Bartzelonak jokatu behar du Artalekun, eta kiroldegia printzipioz itxita egongo da grebarengatik, hori bada aski notizia”, gaineratu du ELAko ordezkariak.
Antxeta Irratiak zehaztu duenez, orain artean Bidasoa XXI enpresak kudeatu ditu Irungo kiroldegiak, “baina defizitarioa izanik, hau utzi eta zerbitzuaren emakida lehiaketara” atera zuen Irungo Udalak. Hor hartu zuen BPXSport enpresak bi urteko kontratua. Antxetako kideek nabarmendu dute langileen aldarrikapenak ez direla oraingoak, baina enpresak hilaren 22ko azken bileran argitu zien ez dela “aurretik datozen arazoez” arduratuko. “Betiko zirkuluan sartzen gara, udalak azpikontrata enpresarekin negoziatzeko dio, eta enpresa kontratuarekin gotortu egin da, ez duelako gastua aurreikusita eta ez delako langileen baldintza ekonomikoak hobetzeko aurreko aldarrikapenez erantzule egingo”, esan du Etxanizek.
Gaur bilduko dira berriz enpresarekin, “baina negoziaketarik emango ez dela ikusirik” grebara joko dutela jakinarazi du Etxanizek Antxetan: “Langileak enpresa batetik bestera nahi eta bilatu ez duten egoera batera eraman dituzte, baina zilegi denez aurrera jarraituko dugu”.