Irungo azken indarkeria matxista erasoa salatu zuten atzo
Bidasoko Itaiak eta M8 Asanblada Feministak egin zuten mobilizatzeko deia atzo. Eskualdean, iaz, 11 eraso zenbatu ditu talde sozialistak.
Atzo San Juan plazan mobilizazioa deitu zuen Itaiak pasa den asteburuan jazotako indarkeria matxista kasuari erantzunez. M8 Asanblada Feministak ere elkartzeko deia luzatu zuen haren sareetan, ordu eta leku berean,”terrorismo matxista” gertatu izanaren abisuarekin.
Herritarrek erantzun egin zuten Euskal Herriko mugimendu sozialistaren eta Bidasoko feministen deiei, eta bi taldeen pankarten atzean elkartu ziren. Aldarrikapen oihuak argiak ziren: “Indarkeria matxistari aurre egin!” ; “Emakume langile, antolatu” edota “Erasoen aurrean, gogor eta tinko!”.
Mobilizazioa bukatzeko irakurketa bat plazaratu zuten Itaiako kideek. Lehenik eta behin, pasa den asteburuan erasoa jasan zuen biktimari babes osoa adierazi nahi izan zioten, eta gogoratu nahi izan zuten Euskal Herrian 2022an lau izan zirela indarkeria matxistarengatik eraildako emakumeak, eta 5.000 eraso baino gehiagoren salaketak dokumentatu zirela.
Bidasoko datuak irakurri zituzten segidan. Gutxienez 11 eraso zenbatu ditu Bidasoko Itaiak eskualdean, “horietako hiru sanmartzialetako festetan gertaturikoak”. Atzera begira ere egin dute, aste honetan kartzeleratu baitute 2020eko uztailean Irunen emakume bat bortxatu zuen gizona, taldeak jakinarazi duenez.
Salatu egin dituzte emakume langileek egunerokoan jasaten dituzten “gutxiespenak, hiper sexualizazioak, debaluazio ekonomikoak, eta edozein motatako erasoak”.
Egoera horren aurrean “instituzio burgesen muga instituzional zein politikoak argiak” direla diote: “Indarkeria matxistari aurre egitetik urrun, ulerketa eta norbanakoaren lanketaren bideraketaren lan ideologiko eta pedagogikoetara mugatzen da haien jarduna”. Itaiak dio instituzio burges horiek ez dituztela “inolako aldaketa errealik” proposatzen.
Politika horiek indarkeria matxistarekin amaitzeko “asmo eza” dutela nabarmendu dute, eta indarkeria matxista kudeatzeko dauden muga ekonomikoak seinalatu nahi izan dituzte. “Honen aurrean, guk argi daukagu horri aurre egiteko modu bakarra sozialismoaren eraikuntzan jardutea dela”. Eraikuntza hori eguneroko lan militantearen bitartez lor daitekeela defendatu dute.
Azkenik, eguneroko lanaren erakusle direla diote ikasturte eskolarraren hasieran Itaiak sortutako indarkeria matxistari aurre egiteko asanblada, eta martxoaren 8rako Irungo San Juan plazan egingo den mobilizazioa.
Irakurketaren amaieran, arestian aipatutako aldarrikapenez gain, “gora borroka feminista” oihua ere entzun zen.