Garoa Lekuona Izeta: "Hondarribia herri bezala bidegurutze batean dago"
Hondarribiko EH Bilduk alkate izateko hautagaia aurkeztu zuen atzo Gipuzkoa plazan egindako ekitaldian: Garoa Lekuona Izeta.
Atzo arratsaldean Garoa Lekuona Izeta alkategaiaren aurkezpen publikoa egin zuen Hondarribiko EH Bilduk Gipuzkoa plazan. Lekuonak, hasteko, azaldu zuen Hondarribia maite duelako onartu duela bilkideen zerrendaburu izatea. “Jabetuta nago Hondarribia herri bezala bidegurutze batean dagoela. 2020-2030 hamarkada garrantzitsua da zer nolako herria nahi dugun definitzeko”, adierazi zuen hizketaldian.
EH Bilduren hautagaitzak “aldaketa” ekarri nahi duela nabarmendu zuen, “eta aldaketak ekar ditzakeen alkategai bakarra naiz”. Hala, ezker independentistaren “tsunamia” datorrela ziurtatu zuen, eta aldaketa sakonak egin nahi badira horiei “behetik gora, eta goitik behera” ekin behar zaiela: “Hondarribian EH Bilduk eskaintzen du hori. Erronka berriei ezin zaie errezeta zaharrekin erantzun. Aldaketen, aukera berrien garaia da”.
Lekuonak hondarribiarrek hautua egin behar dutela azaldu zuen aurkezpenean: “Aukeratu behar dugu alde batetik berriz ere elitismoan oinarritutako herri bat nahi dugun, gehienbat kanpokoei zuzendutakoa bertakoei baino; edo herritarrengan zentratutako herri bat nahi dugun: mugikortasun eta hirigintza eredu iraunkorrarekin, turismo eredu jasangarriarekin, edo ezberdintasun sozial gutxiagorekin”. Herriko haur, gazte, nerabe, gazte, adineko eta planetarentzat “ea etorkizun baikor eta ona izatea” nahi den erabaki behar dela azaldu zuen.
Asmo horiek herrira, Hondarribira, ekarri zituen EH Bilduren alkategaiak. Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ondoren hasiko den agintaldirako, bi erronka nagusi dituztela azaldu zuen hondarribiarrak: Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), eta zaintzaren inguruan egin beharreko kudeaketa biztanleriaren zahartzearen ondorioz.
HAPOari buruz adierazi zuen zer nolako herria nahi den erabakitzeko tresna dela: “Aukeratu behar dugu ea herri garestiagoa, erdaldunagoa, kolapsatuagoa, turismoz josia, eta ez segurua nahi dugun. Horren aldean herri funtzional eta erosoagoa kanpora lanera edo ikastera joaten direnentzat, bertan lanpostuak sortuko dituena, aukeran merkeagoa, bizia, turismo jasangarria duena, auzoetan nahiz erdigunean (neguan batez ere) bizitzarekin nahi dugu”. Gainera, adin guzietako hondarribiarrak “seguru eta naturarekin bat” biziko diren herria desio du EH Bilduk, Lekuonak adierazi zuenez. “Finean, ea benetako herri berdea nahi dugun eta herriko mugikortasuna nolakoa izatea nahi dugun definitzea ezinbestekoa da horretarako”.
Zaintzaren krisiaz ere iritzia eman zuen alkategaiak, esanaz, pandemiaren krisitik eratorri dela zaintzaren krisia, eta horri aurre egin behar zaiola. Energiaren krisia ere hizketagai izan zuen, “gure mugikortasuna zein etxean energia kudeatzeko sistema zalantzan jarri dituena”, baina horien aurretik krisi gehiago ere bazeudela azaldu zuen: “Zahartze demografikoa, etxebizitzaren arazoa, elikadura, kultura, alde sozialak, euskararen egoera globalizazioaren aurrean… Aldaketa sakonen garaia da”.
Alardeaz ere izan zuen zer esan Lekuonak. Onartu zuen “ezker abertzalearentzat gogorra” izan dela gaia, “baina zintzotasunez jokatu duen bakarra izan da. Auzi hau udaletik konpondu behar da. Gu hor egongo gara”
Gainerakoan, Hondarribiko EH Bilduko kideek adierazi dute martxoaren 18an herri programa osatzen hasteko bilera irekia egingo dutela. Hori zein ordutan eta non egingo den aurrerago jakinaraziko dute.