[Elkarrizketa] «Migrazioan, prostituzioa bitarteko bakarra da askotan»
Irungo prostituzioari buruzko txostena landu dute Arrats elkarteko kideek. Prostituzioaz hitz egiteko, lehendabizi «protagonistei entzun» behar zaiela esan dute.
«Emakume aurpegia» du prostituzioak
Arrats elkarteko June Garcia Luengo, Sonia Vega Cunillera eta Eli Paduraru Eizagirrek Irungo prostituzioari buruzko txostena landu dute, Irungo Udaleko Berdintasun Sailak eskatuta. Azken bi ikerlariekin —gizarte langilea eta gizarte hezitzailea, hurrenez hurren— izan da HITZA, bildutakoen errepasoa egiteko.
Ikerketak atal kuantitatibo nahiz kualitatiboa izan ditu. Helburua ez da izan datu hutsak biltzea, baizik eta prostituzioan dihardutenei «ahotsa ematea, zer pentsatzen duten eta zer behar duten» jakitea, Vegak adierazi duenez. Horretarako, ikerlanaren atal nagusia zazpi orrialdeko galdetegi batek bete du.
102 sexu langilek erantzun dituzte bertako galderak, 93 zis emakumek, zazpi trans emakumek eta hiru zis gizonek. «Prostituzioak emakume aurpegia du», errepikatu dute behin eta birritan adituek 174 orrialdeko txostenean.
Protagonisten datu demografiko batzuk dira honakoak: elkarrizketatu gehienek —45 lagun— 31 eta 45 urte bitarte dituzte; 29 dira 24 eta 30 bitartekoak; 46-65 adin tarteko 21ekin jarri dira harremanetan; lau daude 18 urtetik 23rako tartean; eta hiru dira, azkenik, 66 urte edo gehiago dituztenak.
Ia denak dira migratuak, gehienak —%81 eta %14, hurrenez hurren— Latinoamerikatik eta Europa ekialdeko herrialdeetatik etorritakoak, eta denek dituzte senideak ardurapean. Gaurko bizitokiari dagokionez, gehienak —29— irundarrak badira ere, Gipuzkoako beste herriren batean edo Espainiako Estatuan bizi direnak ere asko dira: 25 eta 26, hurrenez hurren. Irunen —besteak beste— zerbitzua eskaintzen duten gainontzeko elkarrizketatuek Araban, Bizkaian, edota Nafarroan bizi direla adierazi dute. %17a egoera irregularrean dago, eta %11 turista bisarekin.
Lanari lotuta salatu duten zailtasun handiena eztabaidak izan dira, eta bakardadea aitortu dute atzetik. Egungo egoeran lanez aldatzeko hautua hartuko luke %48ak, %3ak zalantza agertu du, eta gainontzeko %49ak sexu lanetan jarraitu nahiko lukeela adierazi du.
Ikusi datu gehiago jarraian, eta txosten osoa artikulu honetan.
«Migrazioan, prostituzioa bitarteko bakarra da askotan»
Zein errealitaterekin egin duzue topo Irungo prostituzioaren egoera ikertzerako orduan?
SONIA VEGA CUNILLERA: Hau aukera bat izan da. Guk lan egiten dugunean ezagutzen ditugu prostituzioan dabiltzan emakumeen errealitateak. Aukera programak 20 urte baino gehiago daramatza lan hori egiten, baina ikerketa hau aukera bat izan da galdetzeko, ahotsa emateko, jakiteko zer pentsatzen duten, zer nahi duten. Aukera bat izan da haiei galdetzeko zer ari den gertatzen.
Batzuetan, interbentzioetan, lana bukatu eta bigarren plano batean gelditzen da egoera, lantzen dituzulako, agian, errolda kontuak edo osasunekoak, eta itxi. Zentzu horretan, erreskatatzean zentratzeko aukera izan da hau.
Laburbiltzekotan, aipatuko nuke agerian gelditu dela prostituzioan ari diren pertsonen ia erdiak prostituzioan jarduten jarraitu nahi dutela; hori da kontuan hartu behar dena.
Bestalde, kolektiboaren barruan portzentaje garrantzitsu bat badago bereziki salatzen duena erroldatzeko arazo handiak dituztela. Eskubide gabezia horrek eragiten du atzetik datorren guztiak ezin funtzionatzea. Alegia, ez dute eskubiderik erroldatuta dagoen edonork dituen zerbitzu minimoetan artatuak izateko.
Estigmaren zama izugarria ere agerian gelditu da. Emakume guztiek aitortzen dute puta tituluaren jazarpen hori euren azaletan bizi izan dutela. Aipatzekoa da, gainera, prostituzioan dabiltzan emakumeak beraiek direla, askotan, euren artean estigmatizatzen direnak.
ELI PADURARU EIZAGIRRE: Argazki orokor baina txiki bat egin ahal izan dugu, non elkarrizketatu ditugun langile sexualen errealitateak jasotzen diren. Aipatu behar da, dena den, 800 lagunekin lan egin badugu, adibidez, ikerketarekin 102rengana soilik heldu garela. Orduan, argazki bat badago, baina gero jaso ezin izan ditugun errealitate oso konplexu eta desberdinak ere badaude.
Zer da Aukera programa?
S.V.C: Prostituzioan dihardutenentzako esklusiboa den zerbitzu bat da. Gipuzkoa mailan, emakume horiek modu integralean artatzen dituen bakarra.
Akonpainamendua, euste psikosoziala, entzute aktiboa, lan arloan aldaketa egin nahi duten emakumeentzako zerbitzua… Curriculuma egiten laguntzen diegu, batzuetan lan elkarrizketak prestatzen ere, askotan ez dakitelako zer esan elkarrizketa batean azken urteak prostituzio lanetan eman ondoren. Beldur handia dute hori argitara ateratzeko.
Tira, funtsean, beharren arabera erantzuten goaz. Guk kudeatu ditzakegun kasuetan egiten dugu, eta bestela beste zerbitzuetara bideratzen ditugu.
Elkarrizketatu dituzuen emakume guztiek dituzte familia-zamak.
S.V.C: Ez baldin bada seme-alabak dituztelako, badituzte menpeko pertsonak euren kargura, gurasoak, ahizpak, lehengusuak… sare zabaldua. Asko migrazio proiektu batekin datoz, eta badakite hemen bizirauteaz gain jatorri duten herrialdera ere bidali behar dutela dirua.
Beste batzuei gertatzen zaie egoera irregularrean daudela, eta ezin dutela beste inolako lanik egin. Egoera horiek oso zailak dira, badirelako emakumeak ez dutenak sexu langilea izaten jarraitu nahi, baina ez dute beste aukerarik paperik ez dutelako, eta bizirauteko beharragatik sartzen dira prostituzioan.
E.P.E: Pentsa, erregularizatutako lan bat bilatzen saiatzen baldin bazara ere, bitarte horretan biziraun behar duzu, alokairua ordaintzen jarraitu behar duzu, eta beraz, diru sarrerak behar dituzu modu batean edo bestean. Oso prozesu zaila da, eta oso konplikatua da emakume horientzat den-dena uztartzea eta, gainera, birgizarteratzea lortzea.
Migrazio prozesuan, prostituzioa bitarteko bakarra da askotan bizirauteko.
«Legezko egoera batera pasatzeko dituzten aukerak irrealak dira»
Migrazio politiken gabezia eta trabek behartuta erabakitzen dute askok, beraz, prostituziora jotzea.
S.V.C: Bai, batzuek bai. Hona datozenean, onartuta dakarte prostituzioan arituko direla, ez dakitena da, Europara heltzean, legez kanpoko egoeran egongo direla eta zenbat eta zenbat zailtasun topatuko dituzten hori arautzeko. Ez dakitena da behartuta ikusiko dutela euren burua, denbora horretan guztian, prostituzioan jardutera, hala nahi edo ez.
Badira emakumeak legez kanpoko egoera horretan egon eta prostituzioan jarraitu nahi ez dutenak. Haiek diote: «Ez dut lapurtuko, ez dut drogarik salduko, badakidalako delitua dela, orduan, prostituzioaren munduan jardutea da irauteko dudan modu bakarra, ez dudalako legezko egoera bat eta ezin dudalako normalizatutako lan batean egon; ez dut AIZ bat [atzerritarren identifikazio-zenbakia]».
Arauz kanpoko egoeran dauden emakumeek legezko egoera batera pasatzeko dituzten aukerak irrealak dira. Gaur egungo legeekin, datozen emakumeak, gutxienez, hiru urtez egongo dira egoera irregularrean, eta beste aukera da, adibidez, bezero bat ezagutzea, bezero hori haiekin maitemintzea, badakizu, Pretty Woman pelikulako salbatzailea…
Bada, bezeroak ikusten duenean emakumea legez kanpoko egoeran dela, eta atxikimendu bat sortzen denean, esaten dio: «Salbatuko zaitut. Zer behar duzu, maitea? Dokumentazioa? Bada, ezkonduko gara». Eta biba maitasuna! Baina, maitasun hori, batzuetan, posesio bihurtzen da. Alegia, behin gizonak mundu horretatik salbatu eta denbora pasata, prostituta zinela aurpegiratu diezazuke, menpeko harremanak eta zapalkuntza egoerak sortuz. Askotan, harreman perbertso eta toxikoak sortzen dira, senarrek uste baitute eskubide osoa dutela beraien gain, eta biolentzia psikologiko nahiz fisikoak gerta daitezke.
E.P.E: Horrek ez du esan nahi kasu guztiak hala direnik, e! Bada nahi duelako ezkontzen denik ere; baina ukagaitza da halako kasuak eman, ematen direla.
Askotariko biolentziak gorpuzten dira emakume horien azaletan.
E.P.E: Zuk ez baduzu errolda bat, ez duzu eskubiderik; ez zara inor, eta ez zaituzte kontabilizatzen ere. Hor abiatzen da pertsonarekiko zapalkuntza, eskubide guztiak urratu dizkiozu. Horri batu behar zaio lanak berak suposatzen dizkizun zapalkuntzak, baina niri alde instituzionala da amorru gehien ematen didana, eta horregatik etengabe nabarmentzen dugu erroldaren garrantzia.
S.V.C: Sexu langile batzuek dioten bezala, matxista den gizona matxista izango da esparru batean zein bestean; beti. Emaztearekin, arrebarekin, lagunekin, alabarekin eta baita prostitutekin ere.
Lan horretan, zapalkuntza lehen unetik hasten da, emakumeak tarifa bat izanik, bezeroa prezioa jaisten saiatzen hasten denean, edota emakumeak preserbatiboa erabil dezan eskatu eta hark ezetz dioenean, «ni gizon osasuntsua naiz, ez dut behar», eta halakoekin.
E.P.E: Biolentzia horiek guztiak eta gehiago sufritzen dituzte emakume transek. Emakume transa zarenean ia destinatuta zaude, nolabait esateko, prostituitzera. Inork ez zaitu kontratatuko lan normalizatu batean piura arraroa duzulako, zintzur-sagarra nabari zaizulako… Zeharka bada ere, askotan, beste biderik ez dutelako prostituzioan jarduten bukatzen dute emakume horiek, eta are gehiago migranteak direnean. Hemen, agian, kontaktuak edukita eta egoera sozioekonomiko desberdinarekin, bestelakoa izan daiteke egoera, ez dakit.
S.V.C: Emakume zis-ek dituzten arazo guztiak biderkatzen dira emakume transengan. Estigma are eta handiagoa da haien kasuetan, eta erregularizatzea, ia ezinezkoa. Kolektibo zaurgarriena da.
«Emakume transa zarenean ia destinatuta zaude, nolabait esateko, prostituitzera»
Zergatik da Irun, eta konkretuki Behobiako zonalde poligonala, Gipuzkoako espazio publikoan prostituzio gehien dagoen puntua?
S.V.C: Irunen betidanik existitu da prostituzioa. Programak [Aukera] 20 urte baldin badaramatza, hasiera horretatik ziur bazegoela. Zergatik orain Behobian? Bada, ziurtasun osoz nik ere ezin dizut esan, baina litekeena da mugatik gertuen dagoen eremua delako, eta baita hirigunetik baztertuta dagoelako ere.
Ohartzen bazara, klub handienak ez dira hiri erdiguneetan egoten, normalean beti daude herri edo hirien kanpoaldean, zonalde diskretuenetan. Hori izan daiteke arrazoietako bat, Behobian jendea ez dela bizi, badaude dendak, fabrikak, IATa… baina ez da bizitza sozialik.
E.P.E: Bezeroen gehiena edo erdia behintzat bai, Frantziako Estatukoak dira. Han prostituzioa abolitua dagoenez, hona datoz, eta Irun mugan dagoenez berezitasun hori dauka.
S.V.C: 2011. urtea baino lehen ez zegoen indarrean Irunen prostituzioa zigortzen zuen ordenantza; tira, ez prostituzioa bera, baizik eta zerbitzuak kalean eskaintzea. San Migel auzoan zegoen eskaintza handiena, eta Irungo Udalak, ordenantza horren bidez, kalean zeuden emakume horiek presionatu zituen isunak jarriz, eta batzuk Behobiako zonaldera mugitu ziren orduan.
Prostituzioan jarraitu nahi dutenek zer behar dutela esan dizuete?
E.P.E: Lan baldintza duinak, beste edonork bezala. Eskubideak edukitzea babestuta egon zaitezen, lan bat delako beste edozein bezala.
S.V.C: Hala da. Jarraitu nahi dutenek eskubideak nahi dituzte; eta prostituzioa utzi nahi dutenek, ere bai.
E.P.E: Gehiengo handi batek adierazi zuen prest zegoela gizarte segurantzan kontribuzioa egiteko beren lanarengatik. Alegia, ez da ez dutelako nahi, ez dute aukerarik.
Haiei ahotsa ematea izan duzue ikerketaren helburu nagusietako bat.
E.P.E: Asko hitz egin izan da eta hitz egiten da gaiaz, baina niri ikerketa honetan gehien gustatu zaidana izan da eurek esandakoak hitzez hitz jaso direla eranskinetan. Hitz egiten baita, baina ez zaie galdetu haiei. Feminismoan jendeak bere posizionamendua egin du, baina ez zaie entzun; hortaz, eztabaida kalera ateratzen baldin bada, lehenik haiei entzun beharko zaie. Ezin gara posizionatu protagonistarik gabe.
S.V.C: Gakoa ez dago prostituzioari buruz hitz egitean, edozeinek hitz egin baitezake, baizik eta prostituzioan diharduten emakumeei ahotsa ematean, ikusezinak diren emakume horiek entzutean. Euren gorputzak dira, euren bizitzak, eta haiek dira erabaki behar dutenak.