Errespetu instituzionala eskatu du Hondarribiko PSE-EEk
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Diputatuak mugikortasun arazoari irtenbidea emateko proposatu duen lan mahaia "ke bonba" bat izan dela salatu du Hondarribiko PSE-EEk.
Astelehen honetan Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Diputatuak mugikortasun arazoari modu integralean erantzuteko erakundeen arteko lan-mahai bat eratzearen proposamena luzatu zuen Hondarribiko Udalean, Txomin Sagarzazu alkatearekin bilera izan ondoren.
Hondarribiko PSE-EEren ustez lan mahaiaren proposamena “ke bonba” bat izan da; izan ere, diputatuak Irungo Udalarekin harremanetan daudela baieztatu duen arren, orain arteko formak egokiak izan ez direla adierazi dute: “Betiko prozedurak erabili beharko lirateke, errespetu instituzionalarekin”.
Bestalde, Mendelu Zaharra auzoko bizilagunekin martxan dagoen lan-mahaiaren harira, bertan hartutako erabakiak eta landutako bide orrian “zorrozki” jarraitu behar direla uste dute, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordeari bidali zitzaion gutuna eta bestelako prozedurak.
Azkenik, Mendelu auzoko bizilagunen eta oposizioko kideen lan “zintzoa” prentsaurreko, dinamika eta “edukirik gabeko etengabeko agerpen bihurtu dela” deitoratu dute: “Udal gobernuak ez du ulertu Mendeluk konpromisoa, seriotasuna eta ondo egindako lana behar duela” gaineratu dute.