Hirian egindako inbertsioen balantzea egin du udalak
Cristina Laborda Obretako ordezkariak 2019-2023 agintaldian Irungo Udalak egin dituen, martxan dauden eta abiaraziko diren lanen errepasoa egin du.
Irungo Udaleko Cristina Laborda Obretako ordezkariak udalak 2019-2023 agintaldian hirian egindako inbertsioen balantzaren datuak eman ditu gaur goizean egindako agerraldian. Orain arteko jarduketak, martxan daudenak eta laster abiaraziko direnak kontuan hartuta, 53 milioi euro inbertitu ditu udalak proiektu horietarako.
Orain arte egindako proiektuek 24 milioi eurotik gorako gastua izan dute, eta martxan eta hastear daudenek, aldiz, ia 29 milioi eurokoa. Labordak maila berean jarri ditu jarduketa guztiak: “Irundar bakoitzarentzat duten balioa ikusita, kostua gorabehera, garrantzitsuena hiriaren beharrei erantzutea da, dela ekipamendu berriak eraikita, dela kale zatiak konponduta. Are gehiago, jarduketa asko irundarren proposamenetatik sortzen dira”.
Jarduketa horien artean, instalazio berriak ireki, hiria jasangarritasun irizpideei jarraikiz eraldatu eta bide publikoa hobetzeko kanpainen barruko lanak egin dira, besteak beste.
Irisgarritasuna eta mugikortasuna
Irisgarritasun unibertsala bermatzeko eta eguneroko bizitzan mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko, hainbat proiektua abiatu dira, ia 20 milioi euroko aurrekontuarekin. Honakoak egin dituzte: oinezkoentzako ardatzak hobetu eta sortzeko kanpainak; askotariko bideen berrurbanizazioa; edota igogailu publikoak, hala nola, bukatua dagoen Artiakoa eta bukatzear den Gaztainondokoa.
Ondarea zaharberritzea
Hiriko ondarea zaharberritzeko aurrekontua 9 milioi euro ingurukoa izan da. Gauzatuta dauden proiektuen artean esanguratsuena Abenida zubikoak direla azaldu du Labordak. Egiteko daudenen artean, aldiz, Ikust Alaia eraikina zaharberritzeko eta museotarako erabiltzekoak, Gazteluzar gaztelua eraberritzekoak eta Oiassoko termak egokitzekoak.
Ekipamendu berriak
Agintaldi honetan instalazio publiko esanguratsuak sortu direla zehaztu du Obretako ordezkariak. Aipagarrienak eraikuntza fasean dauden Emakumeen Etxea eta CBAren bigarren faseko instalazioak dira. Horrez gain, beste zenbait ere aipatu ditu: Artiako gazteleku berria egokitzeko lanak eta Pio XII-ko haurtxoko berria.
Ekipamendu berriak sortzeaz gain, lehendik zeudenak zaindu eta hobetu dituzte; hala nola, parkeetan estalki berriak jarri, haurrentzako jolasak berritu eta egonleku berriak sortu. Esparru honetara 5 milioi euro bideratu ditu udalak.
Kirol instalazioei dagokionez, gehienetan hobekuntza lanak egin dira: Gal Stadiumeko eta Ugalde Kateako belarra aldatu da jada, eta aurrerago, Artiakoa aldatuko dute. Oñaurreko kirol eremu berria ere aipatu du Labordak.
Energia
Udalaren titulartasuneko instalazio eta bideetan energia gehiago aurrezteko eta efizientzia energetikoa sustatzeko jarri diren baliabideak ere azaldu ditu Obretako ordezkariak: argiteria publikoa berritzeko kanpainak edota galdarak ordezkatzeko eta beste hornikuntza sistema batzuk egokitzekoak. Orotara, ia 2 milioi euro bideratu dira arlo horretara.
Asfaltatzea, oztopoak eta landa bideak
Hirigunean eta ingurune naturaletan hiri irisgarri eta atseginagoa bihurtzeko helburuarekin ere bideratu ditu udalak beste zenbait jarduketa: asfaltatze lanak egin, oztopo arkitektonikoak kendu eta landa bideak hobetu. Milioi eta erdi euro inguru inbertitu dira bertan.
Lehen Hezkuntzako ikastetxeak
Lehen hezkuntzako ikastetxeak mantentzea udalaren eskumena denez, milioi bat euro baino gehiago erabili dira horretarako. Patio eta komunak berritzeko lanak, leihoak ordezkatzekoak, hesiak egokitzekoak, pintura lanak, arrapalak eraikitzeko lanak edota zuntz optikoa kanalizatzeko lanak egin dituzte.