Garaipen garrantzitsua Zaisa Txingudirentzat
32-20 nagusitu ziren Bera Bera B-ren aurka, eta sailkapeneko bigarren postua sendotu dute. 16 urtez azpiko taldea ere, garaile.
Hainbat baja izan arren, Zaisa Txingudik garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Plaiaundin. Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilak 32-20 nagusitu ziren Bera Bera B taldearen aurka. Partida, baina, ez zen ondo hasi bidasoarrentzat, lehen erasoan donostiarrak izan baitziren markagailua estreinatu zutenak. Pixkanaka etxekoen jokoak hobera egin zuen, eta Adur Manterolak zigor kolpe bat baliatu zuen markagailuan gerturatzeko (3-5).
Minutuek aurrera egin ahala, Txingudi bere jokoa sendotzen joan zen, Bera Beraren defentsa gaindituz eta metroak irabaziz. 15. minutuan, Carlos Lorak Txingudiren lehen entsegua lortu zuen, eta hamar minutu geroago, Ekain Hiribarrenek bigarrenez jarri zuen baloia marka eremuan. Manterolak, gainera, bi eraldaketak hagen artetik pasa zituen (17-5).
Baloiarekin eroso zeuden bidasoarrak, baina defentsan kostatzen ari zitzaien, eta donostiarrek bigarren marka lortu zuten markagailuko aldea murrizteko (17-10). Aldea gutxitu arren, neurketak ildo beretik jarraitu zuen, eta Manterolak beste hiru puntu gehiago lortu zituen (20-10). Lehen zatiaren azken jokaldietan, Aitor Asurmendik hirugarren entsegua lortu zuen, eta Manterolak, bosgarren aldiz, hankarekin asmatu zuen (27-10).
Bigarren zatian bi taldeen indarrek behera egin zuten eta akats asko egin zituzten. Txingudik galdutako metro guztiak aprobetxatu zituzten donostiarrek, laugarren minutuan beste entsegu bat lortu baitzuten (27-15). Hortik aurrera, jokoa parekatu zen eta hurrengo ordu erdian markagailua ez zen mugitu.
Uztartze baten ondoren, Bera Berak bidasoarren defentsan hutsunea aurkitu eta laugarren marka lortu zuen. Azken uneetan, baina, Txingudik laugarren entsegua erdietsi eta bonus puntua lortzeko borrokara joan zen. Partida bukatzear zela, konbinatutako jokaldi luze baten ondoren, Jeno Kocsisek aurkarien plakaketak desegin eta bere lehen marka gauzatu zuen. 32-20ko markagailuarekin bukatu zen norgehiagoka, eta bidasoarrek sailkapeneko bigarren postuan sendotzeko bost puntu garrantzitsu gehitu zituzten.
16 urtez azpikoak ere garaile
Gizonen lehen taldearen aurretik 16 urtez azpiko taldeak jokatu zuen Plaiaundin Elorrioren aurka, eta gauzak ezin hobe atera ziren, 36-27 gailendu baitziren. Gazteek jarraian lortutako hirugarren garaipena izan zen larunbatekoa, eta euren ligaxkako sailkapeneko lehen postuan kokatu dira.