Euskara indartzeko Solas Jolas udalekuak, prest
Udalekuetan izen emateko epea hilaren 27an hasi eta martxoaren 10ean bukatuko da. Ohi bezala, bi txanda izango dira: bat, uztailean, eta bestea, abuztuan.
Euskararen erabilera indartzeko helburuarekin antolatzen den Solas Jolas udalekuetako programa prest du beste urte batez Irungo Udalak, eta gaur aurkeztu dituzte nondik-norakoak. Ohi bezala, bi txanda antolatu dituzte “haurrek euskararekiko duten harremana hobetzea xede hartuta”: lehena, uztaileren 4tik 28, eta, bigarrena, abuztuaren 2tik 31ra.
Udalak jakinarazi du datorren astelehenean, hilak 27, irekiko dela programan aurretiko izena emateko epea, eta martxoaren 10era arte egongo da zabalik. Azken egun horretan, eskaerak aurkezteko epea 14:00etan itxiko dela adierazi dute. Horrez gain, udalak gogorarazi du aurretiko izen-ematea garaiz kanpo egiten dutenek ez dutela udalekuetan parte hartzeko aukera izango.
Izen-emateak hainbat modura egin daitezke: Irun Txartela edo ziurtagiri digitala erabiliz, Egoitza elektronikoan edo Irungo puntu ezberdinetan dauden udal autozerbitzuko terminaletan. Terminaletako hautua egiten dutenek honako lekuak balia ditzakete: HAZen izapidegileak lagunduta 08:00etatik 19:00etara; Kateako eta Anakako Kutxabankeko kutxazain automatikoak dauden tokietan; Palmera Montero gunean, Alhondiga Belaskoenea AAEEn eta San Migeleko Helduentzako eremu sozialean.
Inskripzioa egiterakoan parte hartuko duen haurraren datuak eman beharko dituztela zehaztu dute: izen-abizenak, helbidea, ikastetxea eta ikasketak egiten ari den zikloa. Harremanetarako pertsona helduaren telefonoa eta helbide elektronikoa ere eman beharko direla aipatu dute. Parte hartu nahi den txanda (uztaila, abuztua edo biak) zehaztu beharko da eskaera orrian, baita udalekuetarako aukeratutako zentroak ere.
Aurretiko izen-ematea egin ondoren, martxoaren 20an plazaratuko dira behin behineko zerrendak, eta martxoaren 24a bitartean egin ahalko dira erreklamazioak.
Behin betiko zerrenda, aldiz, martxoaren 31n argitaratuko da, eta apirilaren 4an, 12:00etan, zozketatuko dira izen ematea egiteko hitzorduak. Zozketaren emaitzak, berriz, 15:00etatik aurrera jarriko dira ikusgai. Udalak esan bezala, zozketa horrek erabakiko du nork duen lehen hitzordua, eta ondorengo hurrenkera errespetatuz, eskainitako plazak aukeratzen joango dira interesdunak, plazak bete ahala aukerak murriztuz.