Lurzoru publikoaren garapen jasangarrirako ordenantza prestatzen ari da udala
Irungo Udala ordenantza berri bat sustatzen ari da, irisgarritasunean, ekitatean eta jasangarritasunean ardaztua dagoena.
Miguel Angel Paez Hirigintzako ordezkariak eta Borja Olazabal Garapen Jasangarrirako ordezkariak Irungo Udala espazio publikoaren garapen jasangarrirako urbanizazio ordenantza berri bat sustatzen ari dela zehaztu dute, irisgarritasunean, ekitatean eta jasangarritasunean ardaztua dagoena.
Paezek azaldu du udalak “lehendik” ere betetzen dituela jasangarritasun irizpideak, baina honako plana “anbiziotsuagoa” dela iritzi du Hirigintza ordezkariak: “Plan Orokorraren osagarri, ordenantza bat argitaratu nahi dugu, hiriak jasangarritasunarekin duen konpromisoaren beste adierazgarri bat: ingurumena zaindu, jakina, baina baita pertsona guztiak, zerbitzu publikoen irisgarritasun unibertsala eta aukera berdintasuna gogoan ditugula eraiki hiria”.
Olazabalek, aldiz, nabarmendu du jasangarritasuna “behin betiko” kontua dela, eta “zeharkakoa” izan behar duela udalaren ekintza guztietan: “Mugikortasun Jasangarrirako Plana eta Energia Jasangarriaren eta Klimaren aldeko Ekintza Plana adierazgarri garbiak dira, eta horrelako ordenantza bat izatea Udaleko arloek egunerokoan hiria gero eta jasangarriagoa izan dadin egiten duten ahaleginaren beste osagarri bat da”.
Egitasmo horrek hirigintza antolamendua osatzeko udal ordenantzak prestatzeko beharrari erantzuten diola esan dute ordezkariek. Horrez gain, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzen duela jakinarazi dute, plan horren arabera ordenantza berriak Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren irizpide eta funtsen esparruan kokatu behar direla zehaztu baitute. Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana, gainera, berrikuspen fasean dagoela aurreratu dute ordezkariek, 2030 ingururako xedapenak barnean har ditzan.
Paezek eta Olazabalek aipatu bezala, honakoak dira ordenantza berriaren helburuak:
- Urbanizazio jarduketak diseinatzeko irizpideak hiri agendek ezartzen dituzten ekintza ildoetara egokitzea, batez ere, Klima 2050 estrategiak eta Urban Klima 2050 proiektuak.
- Hiru ehuna naturalizatzeko jarduketei ematea lehentasuna eta, ildo horretatik, azpiegitura berdea sortzea, parke eta lorategiak eraikiz eta berdeguneak, landare apaingarriak eta zuhaitzak landatuz.
- Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak adierazten duen mugikortasun jasangarria ezartzen laguntzea (gaur egun, 2023 eta 2027 arteko aldiari dagokion zikloa idazten ari dira), espazio osasungarriagoak, kutsadura txikiagokoak eta zaratarik gabekoak sortzeko.
- Uholdeak gertatzeko arriskuaren peko hiriguneen erresilientzia handitzea, eurialdi bortitz, ugari eta hedatuagoetara egokitzeko.
- Irungo hiri ehuna bero boladetara egokitzea, haiei aurre egitea sendotzeko, eta, ildo horretatik, naturan oinarritutako drainatze sistemak eta itzalguneak eta ur guneak erabiltzea.