Kromo bilduma sortu du Zaisa Txingudi Errugbi taldeak
Larunbat honetan seniorren eta 16 urtez azpikoen partidak jokatuko dira Plaiaundin, eta goizean zehar eskuratu ahalko dira albumak.
Zaisa Txingudi Bera Bera B donostiarren aurka arituko dira bihar etxean, 16:00etan. Gipuzkoako hiriburuko taldeak zailtasunak dituela multzo egonkorra izateko diote Txingudikoek eta hori probestu nahi dute haien garaipenerako.
Bigarren itzuli hau lehenengoaren bide beretik hasi dute: garaipen bat eta bi porrot. Dena den, ligako bigarren postuari eusten ari dira, baina tentuz ibili behar dira atzeko taldeekiko abantaila txikia delako.
Talde sendoa osatzea ez da lan samurra izango bi prestatzaileentzat, Oihan Arruabarrena eta Urko Genuaren lesionatuekin batera, Asier Gonzalez, Teo Arruti eta Jon Sanchez ezin izango dutelako jokatu, eta beste hamabi kideren parte hartzea oraindik kolokan dago.
Asteburu honetako jardunaldia eta gero, beste halako hiruri egin beharko diote aurre, “eta Zaisa Txingudik behar beharrezkoa du puntuak lortzea aurkariak atzean utzi eta play-off postuan finkatzeko”.
Seniorren partida baino lehen, 16 urtez azpikoen txanda izango da, 11:00etan. Elorriorekin arituko dira zelaian, eta lehen aldia izango da bi taldeak batera arituko direna, “mugakoek ez dute kanpoko taldearen inguruko informaziorik”.
Kromo albuma
Aurten, ohiko urtekaririk ez dela izango iragarri du errugbi klubak, elkartearen sail guztietako kideen kromoak jasotzeko album bat baizik.
Larunbateko bi partiden artean, 11:00etatik 13:00etara, klubak urtero argitaratzen duen aldizkaria aurkeztuko du eta albumak eta lehenengo kromo-zorroak eskuratzeko aukera izango da Plaiaundin.
Bihartik aurrera, bilduma osatzeko elementuak Irungo Txingudi Rugby Tabernan (Kale Nagusia, 11), Marrubin (Luis Mariano, 14) eta Hondarribiko Ipotx dendan (San Pedro, 69) goxoki-dendetan izango dira salgai.
“Duela urte batzuk gure ohiko argitalpenaren ordez kromo bilduma atera genuen eta egundoko arrakasta izan zen” azpimarratu du Pachi Garciak, taldeko zuzendari teknikoak. “Aurten ideia berreskuratu dugu iniziatiba polita iruditzen baitzaigu, are gehiago azkenengo urteetan gehitu ditugun jokalari, guraso eta laguntzaile berri guztietan pentsatuta”.
Bildumak hasteko errepikatu gabeko 23 kromo-zorro 25 eurotan erosteko eskaintza berezia izango da eskuragarri eta, hura betetzen dutenek, sari bereziak eta opariak jasotzeko aukera izango dutela azaldu dute.
Beteranoen omenezko bazkaria
Eskualdeko errugbi taldetik gogorarazi dute otsailaren 20a, astelehena, beteranoen omenezko bazkarian izena emateko azkenengo eguna dela. Bazkari hau martxoaren 4ean zehar ospatuko diren ekitaldi sorta baten parte izango da eta informazio osoa klubaren webgunean eta sare sozialetan aurkitu daiteke.