Carrion: "Egin beharko den esfortzuak merezi duela uste dugu"
'Kalez Kale Hondarribia Hobetzen' programa aurrera doa. Datozen bi asteetan Irun kalea itxita egongo da Axular kaleraino.
Irun kalea itxita egongo da Axular kaleraino, datozen 10-11 egunetan (astelehenetik aurrera), guztia ondo badoa. Hala iragarri dute gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak eta Gonzalo Carrionek Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.
Kalez Kale Hondarribia Hobetzen programa aurrera doa. Urtarrilaren 10ean hasi zituzten programaren bosgarrena, eta azkena, izango den eremuko obrak. Orain artean lanak erritmo onean zoazela jakinarazi dute, “nahiz eta obra guztietan bezala arazo txiki batzuk izan diren” gehitu du zinegotziak. Datozen bi asteetan Irun, Bidasoa eta Axular kaleei azken bultzada emango diete, guztira 5.000 metro karratu berrituz.
Lanen hurrenkera
Marlaxka etxetik Ama Guadalupekoa ikastetxeraino hasiko dira asfaltatze lanetan, “lehenbailehen aparkalekuak berreskuratzeko” azaldu du Carrionek. Behin Axular kaleko asfaltatze lanak egikaritzean, kalea margotu eta pasabidea berreskuratuko da. Bien bitartean, Bidasoa eta Irun kalea asfaltatzeari ekingo diote. Lan hauen bidez, gainera, kaleak “guztiontzako irisgarriak” bihurtuko direla nabarmendu dute. 11 zebrabide izango dira eremu honetan egokituko dituztenak.
Lanak egin bitartean Sabino Arana kaleak indarra hartuko du. Hori izango baita hiriaren erdigunera heltzeko bide berria. Bernart Etxepare kalea norantza bikoitzeko errepidea bihurtuko da, Zuloaga kalera arte. Bentako parkinera igarotzeko ere balioko du bideak. Lanek iraun bitartean, gainera, TAOa ezeztatu egingo da, jakin badakitelako obren ondorioz aparkaleku dezente galduko direla bi aste horietan. Hiritik irteteko, berriz, Matxin Artzu kaletik igaro beharko da. Alkateak, Sabino Arana kaletik sartu eta irten beharrean, hirian dauden beste bideak baliatzea eskatu du: “Gomendioa hori izango litzateke trafikoa arinagoa izateko”.
Bertan bizi diren bizilagunek, batez ere Karlos V.a eta Ama Guadalupekoako garajeetara iristeko, Zuberoa kaletik sartu eta atera beharko dute. Zaborra jasotzeko edukiontziak ere lekuz aldatuko dituztela jakinarazi dute. Axular eta Bidasoa kaleen artean daudenak Sabino Arana 12ra lekualdatuko dituzte (autobus geltoki ondora), eta Irun kalean daudenak Sabino Aranan ezarriko duten isletara lekualdatuko dituzte. Dena dela, bizilagunak guztiaren gainean daudela ziurtatu dute.
Azkenik, alkateak programaren helburua gogorarazi du: “Hau guztia egiten ari gara gure hiriko mugikortasun jasangarria hobea izan dadin”. Ildo beretik, Carrionek: “Egin beharko den esfortzuak merezi duela” uste dutela gehitu du.