[Erreportajea] Maitasun toxikoan eraikitako erlazioak deseraikitzen
Hondarribiko Gaztelekua, Puntalean dago egun. Asteartetik larunbatera nerabeek ondo pasatzeko, babestuta sentitzeko, eta egoteko erreferentziazko gune bihurtu da.
Hondarribiko Gaztelekua 12-17 urte bitarteko nerabeei zuzenduriko espazioa da. 2018tik Puntalean, Molla ibilbidean, kokaturik dago —Saindua Gaztelekua birgaitu bitartean—. Gazteak kuadrillan, bakarrik, edota lagun solteekin joan, eta bertan, adin eta lagun talde ezberdinekin nahasten dira. «Aurten bereziki izugarrizko giroa sortu da, oso sanoa eta oso polita», azaldu du emozioz Pilar Blanco hezitzaileak.
Gazteek egoteko eta ondo pasatzeko espazio bat izateaz gain, erreferentziazko gune bat sortzea da Blancoren eta Ekhi Lazkanotegi hezitzaileen helburua: «Bertan gauden hezitzaileak erreferentziazko pertsonak garela transmititzen saiatzen gara». Arazoak eta kezkak dituztenean edota aholku bila dabiltzanean ere babesten eta sostengua ematen saiatzen dira. «Eta gaiaren arabera hausnartzera bultzatzen ditugu», adierazi du Blancok.
Hortaz gain, jolasen, ekintzen eta tailerren bidez hezitzaileek identifikatzen dituzten zeharkako helburuak lantzen dituzte. Zure Txokoa deituriko saioak, adibidez, nerabeek iniziatiba har dezaten bultzatzeko eta autonomia sortzeko xedea du: «Gaur egun orokorrean gertatzen ari dena da, den-dena egina ematen digutela. Egun horretan nahi dutena proposa dezakete. Egia da ere haien artean ados jarri behar direla horretarako, eta zaila izaten da».
Asteartetik larunbatera dute gazteek bertaratzeko aukera, — asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00ak arte—. Asteburuetan batez ere, asistentzia oso altua izaten da. Egun bakoitzerako ekintza berezi bat prestatzen dute hezitzaileek. Hala ere, uneoro gazteen beharretara egokitzen direla aitortu du Blancok: «Batzuetan ekintzak ez dira ateratzen, ez dutelako gogorik izaten, ikasi behar dutelako, etxeko lanekin etortzen direlako edo beste behar askorekin datozelako: hitz egiteko beharrarekin, adibidez. Horrelakoetan, ekintza bertan behera geratzen da».
Aste honetan, San Balentin eguna aitzaki hartuz, Maitasun erromantikoa deseraikitzen deituriko tailerra prestatu dute. Bertan, maitasun forma ezberdinen inguruan hausnartu eta maiteminduta egotea zer den edo nola adierazten den eztabaidatu zituzten.
Iritzi kritikoa sortzen
Hezitzaileek jolasen bidez gazteengan iritzi kritikoa sortzea zuten helburu: «Nerabezaroan hasten dira ligatzen eta arriskua ikusten dugu maitasun erromantiko horretan —toxikoa ere deitu izan dena— beren erlazioak sortzea: ‘Nire laranja erdia zara’, edo bikotekiderik gabe pertsona oso ez garenaren ideia hori desegin nahi genuen».
Post-it batean bururatutako hitzak idatzi zituzten lehenik. Ondoren, hezitzaileek prestaturiko esaldiak bi kutxetan sailkatu zituzten. Ariketa horrekin maitasun erromantikoaren eta maitasun librearen ezaugarriak, onurak eta arriskuak atzeman zituzten. Hortaz gain, hetero-normatibatik at dauden maitasun formak identifikatu eta horien ezaugarriak aztertu zituzten.
Horrelako gaiekin lanketa egitea askotan kosta egiten dela aitortu du Blancok: «Gune hau aisialdirako espazio bezala ulertzen dute, eta serioago jartzen garenean eskolarekin erlazionatzen dute, eta kosta egiten da. Egia da horrelako gaiak, askotan, zeharka lantzen ditugula. Eraikinaren kanpoaldean biltzen gara, lurrean eseri eta nahi gabeko konbertsazio horietan lantzen ditugu».
Dena dela, azken urtean Gaztelekuak duen harrerarekin gustura daudela partekatu du Blancok: «Gu oso kontent gaude, eta ikusten dugu beraiek oso eskertuta daudela. Horrek ekintza berriak sortzera motibatzen gaitu».