Garaipenaren bidera itzuli nahi du gaur Bidasoa Irunek
Bolada txarrean dira irundarrak, azken hiru partidak galdu baitituzte. Gaur puntuak Artalekun geratzea gakoa izango da sailkapenean atzean ez geratzeko.
Europako partida pasata, buru-belarri zentratu behar du Bidasoa Irunek Asobal Ligan. Gaur izango dute daramaten bolada txarra iraultzeko aukera, Bathco Torrelavega taldea jasoko baitu Artalekun, 21:30ean, Asobal Ligako 18. jardunaldian. Aurkariak sailkapeneko laugarren postuan dira 21 punturekin; Bidasoa, aldiz, seigarren da, 18rekin. Gaurko partida garrantzitsua izango da irundarrentzat ohorezko postuetara gerturatzeko eta sailkapenean atzean ez geratzeko.
Jacobo Cuetara prestatzaileak lehia gogorra aurreikusten du, Torrelavega momentu onean dagoen taldea baita: “Ligako laugarren talderik onenaren aurka jokatuko dugu. Jardunaldiek aurrera egin ahala, postu horretatik kentzea da erronka. Partida zaila izango da oso ondo jokatzen duen talde baten aurka, sasoiko onenetarikoa, eta erasorako ahalmen handia duena. Denboraldi bikaina egiten ari da, kostako zaigu”.
Munduko Txapelketa ondorengo lehen partida irabazi bazuten ere, emaitza bolada txarrean dago talde bidasoarra, gehienbat Artalekutik urrun. Hori dela eta, gaurko neurketa “oso garrantzitsua” dela adierazi du Cuetarak, “Artalekun lehiakorrak” izaten jarraitu behar baitute: “Garrantzitsuena puntuak batzea eta borrokan eta lanean jarraitzea da. Gero ekingo diegu kanpoko partidei. Oso partida garrantzitsua dugu gaur etxean. Artalekun lehiakorrak izaten jarraitu behar dugu, gure jokoan eta mailan konfiantza izan behar dugu kostako den norgehiagoka bat irabazteko”.
Gaurko partida garrantzitsua den arren, prestatzaile bidasoarra kontziente da oraindik “liga asko” geratzen dela. Dena den, ez du ezkutatu irabazteko premia dutela, “sailkapenean atzean” ez geratzeko: “Liga asko geratzen da, gauza asko gerta daitezke. Orain ondo dauden taldeak, agian, ez daude ondo denboraldi bukaeran. Beti da funtsezkoa sasoiko azken herenera ondo iristea puntuak lortzeko. Jardunaldi asko geratzen dira, gauza asko gerta daitezke, baina partida garrantzitsua da guretzat, atzean ez geratzeko”.
Klubeko maskotaren aukeraketa
Artalekuko ateak 20:30ean irekiko dira, partida hasi baino ordubete lehenago. Gaurko berezitasunen artean, Bidasoako bazkideek klubeko maskota berria bozkatu ahal izango dutela jakinarazi du klubak. Bozketa hori ate irekierarekin hasiko da, eta partida bukatu ondorengo hamabost minutuak arte egongo da zabalik. Klubak lau proposamen helarazi dizkie bazkideei, bozkatu dezaten: pottoka bat, superheroi bat, erromatar gerlari bat eta zale bat. Maskoten inguruko informazio gehiago Bidasoa Irunen webgunean aurki daiteke.