Europako funtsak kudeatzeko baliabide material eta teknikoak eskatu ditu PSE-EEk
Datorren osoko bilkuran mozioa aurkeztuko du Hondarribiko PSE-EEk funtsak kudeatzeko ofizina berri bat eskatzeko.
Europar Batasunak krisiari aurre egiteko ez ohiko diru laguntzak sortu zituen 2020an Next Generation deiturikoak. Ordutik, udalek herri mailako proiektuak finantzatzeko erabili ditzakete funts horiek.
Hondarribiko Udalean, baina, horiek kudeatzeko nahikoa baliabide ez dagoela esan du alderdi sozialistak: “Baliabide tekniko eta materialengatik zenbait udaletxek, gureak adibidez, ezin dituzte Bruselak eta beste administrazioek finkatu zituzten baldintza eta epeak bete diru laguntzei dagokienez”.
Horregatik, datorren osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko dute Europako funtsak eta etorkizuneko diru laguntzak kudeatzeko ofizina berri bat sortzea eskatzeko.