Bidasoa ibaia bezala, jario bizian dabilen proiektua
Bidasoa ibaiari buruz galdetuta herritarrek gehien errepikatu dituzten hamar gai sailkatu, eta hamar modulu parte-hartzaile sortu dituzte Mariajo Noain eta Helga Massetanik: Bidasoko Atlas Emozionala.
Ibilgu luzeko proiektua da Oiasso Museoan orain eta maiatzaren 28ra arte bisita daitekeen Bidasoko Atlas Emozionalaren erakusketa. Guztira hiru zati izan ditu, bi fasetan bereizita, eta aldaketak bereizteko bi izenburu izan ditu proiektuak. Lehenak, hau da, 2019ko Ribera bekatik sortutako abiapuntuak, Bidasoko kartografia emozionala izena zuen, eta hurrengo biek, Bidasoko atlas emozionala. Eboluzio bakar baten parte dira hiru zatiak, eta beraz, bata bestearekin lotura dute. Betiere, ardatz nagusia Bidasoa ibaia eta inguruko biztanleak izan direlarik. Erakusketa museo osoan zehar dago barreiaturik, eta proiektuaz mintzatzeko bisita gidatu azkar bat eskaini diote hitza-ri horren sortzaileak izan diren Mariajo Noain Maura historialari, antropologo eta arkeologoak; eta Helga Massetani Piemonte artistak.
Lehen galdera proiektua nola iritsi den egun deneraino litzateke. Bada, 2019an Irungo Udalaren Ribera beka jaso zutenean Noain eta Massetanik, Bidasoa ibaiaren ikerketa kartografiko bat egin zuten. «Zergatik ez sortu Bidasoaren kartografia artistiko bat?», proposatu zion bere buruari Noainek. Emaitza artistiko batera mugatu beharrean, herritarren pertzepzioak jaso nahi zituzten. Hartara, Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako herritarrei galdetegi bat pasa zieten, ibaian gertatutako gertakari historikoei buruz galdetzen, edota ibaia ea zein generorekin lotzen zuten, intuizioaren bila. Erantzun horien bitartez mapa bat sortu zuten.
Baina inkestaren parte hartzaileek zerbait jaso nahi zuten bueltan. Orduan, beste bi diru laguntza jaso zituztela du oroimenean Noainek, eta emaitza horiek publikatzeko baliatu zuten. «Fase berri honi izena aldatu genion, ulertzeko proiektuaren fase berri bat hasi zela». Bidasoko Atlas Emozionala izena du bigarren, eta gerora, hirugarren partea izango zenak.
Atlasa sortzeko herritarren erantzunetatik hamar gai aipatuenak edo errepikatuenak identifikatu zituzten. Gero, hamar koaderno historiko-literario argitaratu zituzten. Deskubritutako bibliografia erabiliz sortu zuten, baina irakurketa errazteko literatur kutsuarekin. Ilustrazioak Elena Odriozolak egin zituen eta itzultzaile lanetan Joxan Elosegi aritu zen.
Oiasso Museoarekin kolaborazio bat egiteko proposamena jaso zuten geroago, eta konturatu ziren hamar kaiera horiek beste prozesu batean transforma zitezkeela. Horregatik, berriz ere ekin zion Noainek testuak egokitzeari eta artelanak hautatzeari, eta Massetani museoan dauden hamar moduluak diseinatzen hasi zen. Artelanak Kutxa Fundaziotik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailutik, San Telmo Museotik eta Irun eta Hondarribiko udaletatik atera dituzte.
Oiasso Museoan erakusteko diseinatuta dago erakusketa espresuki: «Modulu bakoitza elkarrizketa izaten ari da museoko erakusketa iraunkorrarekin. Guk sortutako izokinaren modulua, Oiassorenaren arrantzarenaren ondoan dago. Kontrabandoarena, Oiassoko merkataritzarenarekin. Haurtzaroarena, Oiassoko jostailuenarekin. Ez da ausaz hartutako erabakia kokalekua».
Ohiko erakusketa bat izatetik harago doala argudiatu du Massetanik. «Nahastu ditugu material museografikoa, historikoa eta bibliografikoa sortu ahal izateko arte pieza diren instalazioak. Eduki artistikoa ikusleek ematen diote». Izan ere, performance bat da bere baitan modulu bakoitza. Ikuslearen parte hartzea sustatzen du txoko bakoitzak, hausnarketa bultzatze aldera. Esaterako, migrazioari lotutako istripuak gertatzen direnean, errepideetan ikus daitekeen lore sorta bat jarri dute, Jose Saramago idazle portugaldarraren poesia zati batekin batera. Inoiz emigrazio orbanik izan ez duenak bota dezala lehen harria, zuhaitz genealogikoa zikinduz emigrazio orbanik izan ez duenak, irakur daiteke. XX. mendean Bidasoa ibaitik pasatako milaka portugaldarren exodoa oroitu dute.
Bestetik, herritarrentzat momentu historiko ezagunena Pirinioetako Tratatua da, Faisaien uhartean gauzatu zena. Garai hartan tapizek garrantzi handia zutela adierazi zion Noainek Massetaniri, eta hari horri segika telazko hainbat olana sortu dituzte. Luxuaren ideia jasota dago olanetan, eta monarkiako kide batzuen erretratuak dira: Austriako Maria Teresa, Luis XIV. erregea, haien gurasoak, eta Mazarino kardenala. Aurretik existitzen ez zen pieza bakarrenetarikoa da.
Artelanen hautaketa prozesuan obren artean murgilduta egotea hunkigarria izan da bientzat. Gordailura bisita eginez gero, bertan gordetakoaren zati bat ikus daitekeela dio Noainek, baina badirela gorde-gordeta dauden beste hainbat pieza eta horiek kalera atera dituztela dio Noainek. Esaterako, Irun eta Hendaia arteko zubien mapak, edota Zubiak hedatzen deituriko moduluan jarritako hainbat eta hainbat argazki.
Bidasoa ibaiaren bueltan, bisitaria etorkizunera begira jartzea izan dute asmo aldi berean. Ildo horretan, moduluetako batean Bidasoa ibaiko hiru irlak (Irukanale, Galera eta Santiago Aurrera) desager daitezkeenaren planteamendu erreala mahai gaineratu dute. Irla horien egungo forma, auzolanen bitartez bertan baratzeak zituztenek lezoi izeneko murruak eraikitzen kontserbatu da. Zaintza hori jada ez da existitzen, eta afera da: egungo itxura zaindu, edo bere bidea egiten utzi behar zaio jarioari? Nolakoa izango da ibaiaren ingurua aurrerantzean?.