Inauterietan ere Hondarribia Eremu Segurua kanpainari segida emango diote
Hondarribia Eremu Segurua kanpainara atxikitutako establezimenduekin protokoloa errepasatu eta Udaltzaingoarekin dispositibo berezi bat adostu dute.
Asteburuan ospatuko diren inauterien harira, Hondarribia Eremu Segurua kanpainara atxikitutako establezimenduekin protokoloa errepasatu dutela azaldu du Gotzone Larrarte zinegotziak: “Protokoloa erraza da, baina badaezpada, zerbait gertatzen bada, zer eta nola egin errepasatu genuen, erne egoteko”.
Bestalde, Udaltzaingoarekin dispositibo berezi bat prestatu dute. Udaltzaingoarekin egindako bileran, hilaren 18an (larunbata da), gunerik jendetsuenak izango direnak identifikatu zituzten, eta horietan, agenteen presentzia handituko dute “norbaitek laguntza behar badu eskaintzeko” azaldu du Larrartek. Batez ere Alde Zaharrean izango da hori, bertan herri bazkaria egingo baita.
Gainera, Bretxan eta Gipuzkoa plazan bi totem ezarriko dituzte. Horietan informazioa agertzeaz gain (telefono garrantzitsuak, protokoloaren jarraibideak…), QR kode bat ezarriko dute modu errazean SOS Deiak-en app-a jaisteko.