Abotsanitz: "Norbaitek espekulatzeko datuak manipulatu baditu, EAJ bera izan da"
Hondarribiko EAJk Hondartza Kiroldegiaren datuak faltsutzea eta errealitatea manipulatzea leporatu zion atzo Abotsanitzi.
Atzoko egunez Hondarribiko EAJk Hondartza Kiroldegiaren datuak faltsutzea eta errealitatea manipulatzea leporatu zion Abotsanitzi. Gaurkoan, Juan Luis Silanes zinegotziak egindako adierazpenei erantzun dio Abotsanitzek.
Hasteko, EAJren “neurriko batek” beren baliabide “xumeekin” egindako kiroldegiko tarifei buruzko kanpaina “bizia” bezala definitu izanak, “poztu” eta “harrotasunez” bete ditu Abotsanitzeko kideak.
Bestalde, datuen faltsutzeari erantzunez: “Norbaitek espekulatzeko datuak manipulatu baditu EAJ bera” izan dela esan du Abotsanitzek, urtarrilean aurkeztu zituzten taulako datuak Donostiako Udalak aurkeztutako txostenetik hartu zituztela argitu ondoren. “Abotsanitzetik urteak daramatzagu kiroldegiaren kudeaketa eredua zalantzan jartzen, ildo horretatik beharrezkotzat jo genuen Gipuzkoako kiroldegietako tarifen inguruan Donostiako Udalak eskatutako txostenaren ondorioen berri ematea”. Txosteneko datuen arabera zerbitzu/prezioen tarifarik garestiena Hondarribiko kiroldegikoa zela zioela ziurtatu dute.
Jeltzaleek babesten duten ereduan, kiroldegiaren funtzionamenduaren kostuak erabiltzaileek bere gain hartzen dituztela azaldu zuen Silanesek. Azalpen horiei “kiroldegia ireki zenetik zerbitzu publiko honen pribatizazioa bultzatu dutela” aipatzea falta zitzaiela esan du Abotsanitzek. “Galdetu al diete herritarrei hau al den nahi dugun kiroldegi eredua?”, galdegin dute.
Kiroldegiko tarifa eredua urte askoan berdina izan da; horregatik, Hondarribia Lantzen enpresako administrazio kontseiluan tarifak egungo erabilera ohituretara egokitzeko azterlan bat egitea proposatu dute “behin eta berriz” Abotsanitzetik. Diotenez, egungo formatuak instalazio guztietara sarbidea ematen du, eta horrek, “erosteko ahalmen handiagoa duten erabiltzaileei mesede” egiten die, eta aldiz “ahalegin handiena” egin behar dutenei “kalte”.
Inbertsioei dagokienez, Silanes zinegotziak “ia beti” kiroldegiaren hobekuntzen aldeko inbertsioen kontra egiten zutela esan zuen. Abotsanitzek kontseilu-buruaren proposamenak ez dituztela beti babestu baieztatu du, baina bi arrazoirengatik izan dela: lehenengoa, uste izan dutelako aipatutako inbertsioa enpresa esleipedunari zegokiola, eta ez Hondarribia Lantzen enpresari, eta bigarrena, zalantzak izan dituztelako kontratazio publikoaren legea betetzen ari ote zen ala ez. Dena dela, beren taldearen ezezkoa “inola ere ez” dela erabakigarria izan gaineratu dute: “Instalazioak behar bezala berritzeko diseinatu beharreko urteko inbertsio planak EAJren ardura izan dira”.
Egun, Hondartza kiroldegiko eta Jostaldi pilotalekuko kirol-instalazioen kudeaketa eta ustiapena egiteko pleguak idazten ari dira. Horregatik, “erabakiak hartzeko eta behar sozial berriak eta egungo ohiturak aztertzeko unea” dela uste du Abotsanitzek.