Hondarribiko bunkerrak ezagutzeko liburuxka
Ezagutu Zure Hiria programaren bigarren koadernoa aurkeztu dute Arma Plaza Fundazioan.
Ezagutu Zure Hiria programaren bigarren koadernoa aurkeztu berri du Arma Plaza Fundazioak: Juan Antonio Sáez Garcíak osatutako Bunkerrak. Hormigoia eta altzairua.
1939an Gerra Zibila bukatu ondoren, frankistek eta frankoren militarrek Pirinioak babesteko eremu gotortu bat eraikitzea erabaki zuten. Europatik etor litezkeen armaden kontrako defentsarako zein erasorako. Horretarako eremu leunetan arreta berezia ezarri zuten, Gipuzkoan adibidez, topografia leunak inbasio posiblea erraztu zezakeelako. Bidasoan hiru erresistentzia gune daude: Guadalupe, Gaintxurizketa eta Anaka. Hondarribian 100 bunker inguru daude.
Argitaratutako liburua Juan Antonio Sáez Garcíak 2022an publikatu zituen hiru libururen laburpena da: Higer Lurmuturreko defentsa eta ‘Irungo Sektorea’ Gurdien Kontrako defentsa (Hondarribia); ‘Vallespin’ Gotorlekua I. Babes Antolamendua (Gaintxurizketa); eta Pirinioetako Babes Antolamendua Hondarribian.
Koadernoa zazpi zatitan banatzen da: Hondarribiko gotorlekuen bilakaera, Pirinioetako gotorleku lerroa, ‘Vallespin’ gotorlekua (Bunker eremu zaharrenetakoa, Gaintxurizketa eremuan kokaturik dagoena), Pirinioetako Babes Antolamendua (1945ean eraikitzen hasi eta 1960 urtean amaitu zutena), ‘Irungo sektorea’ Gurdien kontrako defentsa, Higer Lurmuturreko defentsa eta ibilbidea.
Liburuak dituen 49 orrietan zehar bunker motak, kokalekuen tipologia, erabiltzen zituzten arma motak, edota ‘Oiartzun’ eremua deitzen zitzaion Hondarribiko erresistentzia guneen deskribapenak aurki daitezke. Amaieran Guadalupe ondoko bunkerrak bisitatzeko ibilbide proposamen bat erantsi dute.
Aurkezpenean gainera, liburuan azaltzen den ibilbidetik at dauden bunkerretara ez sartzeko deia egin zuen Sáezek: “Bunker asko lur pribatuetan daude, eta beste asko arriskutsuak izan daitezke”.
Aurrerago, orain arte egin bezala, Ezagutu Zure Hiria programaren formatuari jarraiki, hitzaldi eta bisita gidatuak antolatuko dituzte. Horietan Guadalupe Santutegi ondoko bunkerra bisitatzeko aukera egongo da.
Gainera, dagoeneko hirugarren eta laugarren koadernoak martxan daudela aurreratu zuen Txomin Sagarzazuk. Hirugarren koadernoan Ernesto Goitizelaiak Ramon Iribarren eta Hondarribiko barraren lanketa egingo du. Laugarren koadernoan, berriz, Montserrat Fornellsek Jose Etxenagusia margolariaren inguruan ikertuko du.