Ander Elosegik goi mailako lehiaketa utziko du
Ia bi hamarkadako ibilbide arrakastatsua osatu ondoren, lehiari agur esan dio piraguista irundarrak. Etapa berri bat irekiko zaio orain, bere kirolari lotua egoten jarraituko duena.
Ander Elosegi piraguista irundarrak goi mailako lehiaketa utziko duela jakinarazi du gaur Donostiako Aquariumean egindako prentsaurreko jendetsuan. Ia bi hamarkada izan dira piraguismoari lotuak, eta agur esateko momentua iritsi zaio irundarrari. “Ez da erabaki erraza izan, baina uste dut uzteko momentua iritsi dela”, esan du Elosegik.
Hamazazpi urteko ibilbide profesional arrakastatsua osatu du Elosegik, eta erreferente izan da bere kirolean. Lau Joko Olinpikoetan jarraian hartu du parte, eta denetan izan da finalean. Lau diploma olinpiko dauzka, eta dominetatik gertu izan zen bitan, laugarren postuan sailkatu baitzen Pekinen 2008an eta Londresen 2012an. Munduko eta Europako Txapelketetan ere bakarkako eta taldekako hainbat domina eta ohorezko postu erdietsi ditu urte hauetan. Bitxikeri moduan, Elosegi lau Joko Olinpikoetan lehiatu den gizonezko euskal kirolari bakarra da.
Azken bi hamarkadetan egindako lanarekin “aseta” doala onartu du piraguista irundarrak. “Kontent” da urte horietan guztietan egindako lanarekin eta erdietsitako emaitzekin; baina Elosegik argi du lorpen guztien gainetik “ezagututako jendearekin, piraguismoak emandako bizipenekin eta taldekide guztiekin” geratzen dela. “Hori da nirekin daramadana”, esan du.
Etapa bat uztea eta beste bat hastea beti zaila izan ohi da, are eta gehiago bizitzaren zati handi bat zerbaiti buru-belarri eskaini ondoren. Elosegik zehaztu du “uzteko momentua beti dela gogorra, piraguaren gainean hogei urte baino gehiago eman baititut”. “Denborarekin”, baina konturatua zen “uzteko momentua gerturatzen” ari zela. Prestaketa eta entrenamenduak “geroz eta gehiago” kostatzen zitzaizkiola baietsi du, eta 2022ko Munduko Txapelketaren ondoren “ibilbidea bukatzear” zegoela ohartu zen.
Etapa berri bat
Goi mailako lehiaren etapa itxita, beste batean murgildu beharko du Elosegik aurrerantzean. Ez du zehaztu zehazki zertan arituko den, baina argi esan du “bizitza osoa” eman duela piraguismoari lotuta eta “mundu horretan” jarraituko duela. “Ez naiz goi mailan arituko, baina ez dut alde egingo”, ziurtatu du irundarrak. “Behar dutenerako hemen izango naiz, laguntzeko prest. Piraguismoa nire bizitzaren zati handi bat izan da, eta hor egongo naiz”, gaineratu du.
Beti erakutsi duen gertutasun eta apaltasunarekin agurtu ditu Aquariumean bertaratutako guztiak, eta eskerrak eman dizkie bere alboan izan diren guztiei. Jendearengandik jasotako animoek eta maitasunak ere hunkitu dutela onartu du: “Jende askok aintzat hartu nau, jarraitu dit eta maitasun hori sumatu dut. Eskertzekoa da jendearengandik izan dudan harrera eta haiengan influentzia izan dudala jakitea”.