EAJ: "Abotsanitzek kiroldegiaren tarifetako datuak eta errealitatea desitxuratu nahi ditu"
Abotsanitz udal taldeak duela hilabete egin zituen adierazpenei erantzun dio EAJk gaur goizean.
Duela hilabete, Abotsanitzek, kirol instalazioek berritzeko beharra zutela eta erabiltzaileek ordaindu beharreko prezioak garestiegiak zirela salatu zuen. Gaur goizean adierazpen horiei erantzun dio Hondarribiko EAJk.
Jeltzaleen ustez Abotsanitzek zabaldutako datuak “partzialak eta okerrak” dira. Hala esan du Juan Luis Silanes Zinegotziak: “Kasu batzuetan BEZa onartzen da, eta beste batzuetan ez. Gainera, ez ditu zehazten tarifa horiek estaltzen dituzten zerbitzuak, eta ez dute kontuan hartzen udalerri bakoitzean dagoen azpiegitura mota, ezta udalerri bakoitzari dagokion kudeaketa eredua ere”. EAJk taula berria egin du.
Hori esanda, udalak egiten duen kudeaketa eredua azaldu nahi izan du Silanesek. Hondarribiko Udalak zeharkako kudeaketa eredua erabiltzen du, hau da, enpresa esleipedunak kanon bat ordaintzen dio urtero udalari (4.850.000 euro). Bestalde, erabiltzaileek kiroldegiaren funtzionamenduaren kostuak beren gain hartzen dituzte.
Kirol zinegotziak, Gipuzkoako kiroldegi guztien azterketa egin, eta Hondarribiko kiroldegia ez dela garestiena esan du, “are gehiago, ondorioztatu dezakegu lurraldeko kiroldegirik merkeenetako bat dugula” gehitu du. Adibide gisa ezarri ditu inguruko kiroldegietako heldu abonatuek ordaintzen dituzten tarifak: Hondarribian 36’5 euro; Tolosan 43’5 euro; Beasainen 44’6 euro; Irunen 55’6 euro eta Oiartzunen 67’5 euro.
Inbertsioei dagokienez, 1997 urtetik 20.327.653,51 euro inbertitu ditu udalak. Aurrerantzean ere inbertsioak egiten jarraitu behar dela argi adierazi du eta dagoeneko egin beharko liratekeen hobekuntza inbertsioen eremuak identifikatuta dituztela zehaztu du: sauna, spa zona edota fitness zonaren klimatizazioa esaterako.
Azkenik, datuen erabilera “desitxuratua” egitea leporatzeaz gain, 2015etik “Abotsanitzek ia beti” kiroldegiaren hobekuntzen aldeko inbertsioen “kontra” egin dutela salatu du Silanesek. Gainera, urtarrilean egindako proposamen berriarekin [Kirol instalazioen kuota %40 inguru murriztea proposatu zuten] abonatuen diru sarreren 380.000 euro murriztea ekarriko lukeela esan du, eta ondorioz, galera gori udal aurrekontuetatik ordaindu beharko litzatekeela. Silanes: “Ideia oportunisten eta zorroztasunik gabeko datu ekonomikoetan oinarritutako proposamena izateaz gain, kopuru hori udalaren aurrekontuekin konpentsatu eta ordaindu beharko litzateke urtero”.