Bidasoa Irun, iragarpenak haustera
Europako Multzoen Faseko zortzigarren jardunaldia jokatuko da gaur Artalekun. Bidasoarrek lidergoan den Fuchse Berlin boteretsua jasoko dute, 20:45ean.

Lehiak ez du etenik Bidasoa Irunentzat, Europako Txapelketara itzuliko baita gaur, EHF European Leagueko Multzoen Faseko zortzigarren jardunaldian. Partida zaila izango da gaurkoa irundarrentzat, lidergoan den Fuchse Berlin jasoko baitute Artalekun, 20:45ean.
Alemaniarrek txapelketan jokatutako neurketa guztiak irabazi dituzte, eta Jacobo Cuetarak joaneko partidan ohartarazi zuen txapelketa irabazteko faborito nagusienetakoa dela. Honela definitu du talde berlindarra: “Fuchse Berlin hau bertsio hobetua da iazkoarekin alderatuta. Faborito nagusietako bat da txapelketa irabazteko. Lider doa Bundesligan, bere ligan, eta oso talde indartsua da, geldiarazteko oso zaila. Munduko talderik onenetako bat da, munduko hitzordu handietan ikusten gozatzen dugun jokalariekin”.
Cuetarak lehia zaila aurreikusten du eta argi du zer egin behar duten gaur aukerak izateko: “Zer egin behar da aukerak izateko? Atean aurkariek baino %10 bat gehiago ateratzea. Guk sartu eta aurkariak baino gehiago gelditu behar dugu. Asmatze-indize horretan pletoriko bagaude aukerak izango ditugu. Gainerakoa oso zaila da, ez baita jokalari bat bakarrik gelditzea. Bat gelditzen baduzu, gero beste bat egongo da. Baloi gutxi galdu behar ditugu eta ez diegu kontraerasorako aukerarik eman behar”.
Gaur “ahalik eta ondoen” egoten ahaleginduko badira ere, irundarren prestatzaileak onartu du ostiraleko Asobal Ligako erronka dela denetan garrantzitsuena, hori baita bidasoarren benetako “gerra”: “Ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara, etxean jokatzen baitugu. Gaurko partida ez da gure gerra. Gure gerra ostiralekoa da, asko daukagulako jokoan. Gainera, oso gertu dago eta ezin ditugu bala guztiak bihar gastatu. Mundu guztiaren ekarpenarekin saiatuko gara ahalik eta lehiakorrenak izaten, partidaz gozatzen, eta gure jendearekin ahalik eta ondoen egon behar da beti. Kantxan dagoenak %dena emango du, beti bezala”.
Taldearen dinamika
Munduko Txapelketa ondorengo lehen partida irabazi bazuten ere, hurrengo bi lehiak galdu dituzte irundarrek, biak Artalekutik kanpo. Etxean puntu dezente pilatzen ari badira ere, etxetik kanpo kostatzen ari zaie, eta dinamika txar horrekin bukatzeko beharra aldarrikatu du Cuetarak: “Guk ez dugu sentsaziorik behar, etxetik kanpo irabaztea baizik. Sartu garen eta ateratzeko gai ez garen begizta horretatik atera behar dugu. Dagoeneko ez da sentsazioen gaia, askotan lortzen dugu etxean lehiakorrak izatea, etxean puntu asko lortzen ari gara, baina kanpora goaz eta dena aldatzen da”.
Munduko Txapelketako etenaldian “ondo” lan egin ondoren, dinamika txarrarekin jarraitzea kolpe latza izan dela aitortu du prestatzaileak: “Ez genuen espero bigarren itzulia begizta berean jarraitzea urtarrilean ondo lan egin, atseden hartu, jokalariak berreskuratu, denboraldiaurrean galdu gabe egon eta garaipen batekin hasi ondoren. Min egin digu, baina jarraitu egin behar da. Liga eta denboraldi asko geratzen da. Sinesten eta borrokatzen jarraitu behar da, eta asmatuko dugu etxetik kanpo aurkitzen dugun begiztatik irteteko. Etxetik kanpo etxean garen taldea izan behar gara”.