[Argazki galeria] Igor Emery: "Beharrezkoa zen aldaketa"
Irungo Udalak 250.000 euroko inbertsioa egin du Gal futbol zelaiko instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko.
Gal estadioa berritu dute. “Beharrezkoa zen aldaketa”, esan du Real Unionen presidente Igor Emeryk. Udal jabetzakoa da kirol instalazioa, eta orotara, udalak 250.000 euroko inbertsioa egin duela jakinarazi du Jose Antonio Santano alkateak: “Galek behar zuen, eta ziur nago partida egunetan giro handiagoa izaten lagunduko duela”.
Gaur bisitatu dituzte kirol instalazioan Santano alkateak, Borja Olazabal Kirol ordezkariak. Haiekin izan da Real Unionen presidentea. Udal arduradunek zehaztu dute segurtasuna indartzeko, zelaiak eskain ditzakeen aukerak zabaltzeko, eta ikusleen erosotasuna bermatzeko inbertsioa izan dela. Tartean, 4.000 eserleku berri jarri dituzte, ia denak beltzak. Emery: “Jokatzen dugun kategoriarena [Espainiako Lehen Federazio Maila] berezko eskakizunak betetzen joan behar gara. Bestetik, gure estadioak, gure etxeak, gure erakargarri nagusienetako bat izan behar du. Oso pozik gaude egindako lanen emaitzarekin”.
Eman beharreko hurrengo urratsaren berri eman du alkateak: “Funtsezko alderdi bat falta zaigu oraindik: guztion irisgarritasuna bermatzea”. Hala, Santanok agindu du estadioan igogailu bat instalatzeko proiektua enkargatuko duela, mugikortasun murriztuko pertsonak zelaira errazago sar daitezen.