Otsailaren 18an, Mairuak Hondarribiko baserrietan
Emeki Emakume Elkarteak beste urte batez antolatuko du 1936ko gerratik ibilbide gorabeheratsua izan duen usadioa. Aurten, Zamora baserrian jasoko dituzte puskak.
Hondarribiko eragileak buru belarri dabiltza dagoeneko 2023ko inauteriak antolatzen. Hala, joan den astean Emeki Emakume Elkarteak jakinarazi zuen Mairuen usadio zaharra antolatuko zuela. 2022an berreskuratu zuten ohitura, pandemia dela eta bi urteko etenaren ostean.
Elkarteak duela 31 urte, 1992an, berreskuratu zuen baserriz baserri etxeko trapu eta zaku zaharrekin ibiltzeko usadioa, 1936ko gerra zibila ez geroztik ospatu ez zena. 2010. hamarkadan ere etena bizi izan zuen ekimenak, harik eta 2019an berreskuratu zuten arte.
Hala, datorren otsailaren 18an, larunbatean, Jaizkibel kanpinean elkartuko dira goizeko 10:00etan, eta trikitilarien musika lagun abiatuko dira. Ibilbidea Zamora baserrian amaituko da, eta bertan jasoko dituzten puskekin hamaiketako apartaz gozatzeko aukera izango dute.