Inude eta Artzainen desfilea, prest

Igandean ibiliko da konpartsa Irungo kaleetan zehar dantzan, 12:00etatik aurrera. Larunbaterako, azken entsegua antolatu dute, 12:00etan, Behobian.

Inude eta Artzainen desfilea gainean da, igandean ibiliko baitira Irungo kaleetan zehar dantzan. Eraiki Dantza Taldeko kideak azken prestaketa lanekin dabiltza, eguna ahalik eta borobilena izateko. Elkartetik jakinarazi dute larunbatean, hilak 11, 12:00etan, desfilerako azken entsegua egingo dela Behobiako plazatxoan. Euria egingo balu, entsegu hori Gazteluzar ikastetxeko gimnasio estalira lekualdatuko luketela azaldu dute. Horrez gain, entsegua konpartsa osatzen duten dantzariei zuzendua dagoela iragarri dute.

Egun handia igandekoa izango da, hilak 12, eta Eraikiko kideek hiritarrei Inude eta Artzainen desfilera bertaratzeko deia luzatu diete. Konpartsak ohiko ibilbidea osatuko duela adierazi dute antolatzaileek. 12:00etan irtengo dira Santiago kaletik, eta Eskola kalea, Eliza, San Juan plaza, Kale Nagusia, Foru kalea eta Colon pasealekua zeharkatuko dituzte. Zabaltza plazan, ohi bezala, Udal Musika Kontserbatorioko Bandaren erritmoan dantzatuko dute parte hartzaileek, eta Luis Mariano kalean bukatuko dute ibilbidea.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.