[Elkarrizketa] "Metastasia dudanez, niregan dago minbizia betirako"
2012an bularreko minbizia hauteman zioten, eta giltzurrunekoa geroago. Azken horren tumore-zeluletatik eratorritako metastasia topatu zioten iaz biriketan, eta biziarteko kimioa jaso beharko du.
Zein izan zen minbiziarekin izan zenuen lehen harremana?
Nirea. Ez dut inguruan beste inoren kasurik izan; tira, egia da gero kontsultatzen hasi nintzenean jakin nuela nire amaren izeba batek eduki zuela, eta nik ezagutu nuen, baina txikia nintzen eta ez nuen halako kontzientziarik.
Minbiziaren kontzientzia gertutik izan nuen lehen aldia, beraz, nire diagnostikoarekin izan zen, orain dela 11 urte; 2012an, esango nuke. Oso gauza bitxia gertatu zen: ni ginekologo pribatu batera nindoan, eta koskortxo bat aurkitu zidaten bularrean. Biopsiatu zuten, baina negatiboa ematen zuen; ez zela ezer txarra. Kiste bat, agian.
Biopsia hori egin zidan ginekologoak bi hilabete ondoren deitu egin zidan, hura susmoa hartuta zegoelako, gehiago jakin nahi zuen. Kezkatzen zuen kistearen izenik, deskribapenik, ez zegoela, eta esan zidan begiratu nahi zuela, eta kistea hor bazegoen, kendu egingo genuela, dena den, badaezpada ere.
Eta hala egin zuten: kendu zidatenean berriro esan zidaten ez zuela inongo itxura txarrik, eta horregatik, azken emaitzak jasotzera joan nintzenean, ni bakarrik joan nintzen [negarrari eusten saiatu da]. Bakarrik joan nintzen, eta «minbizia duzu» esan zidatenean munduko gauzarik txikiena bezala sentitu nintzen. Paretaren kontra eseri eta ez nekien zer egin. Eta, noski, haiek lagundu nahi dizute, baina ez dute egun osoa.
Hortik ikastolara joan nintzen [irakaslea zen Zurriola Ikastolan], zuzendariarengana, laguna nuelako, eta esan nion zer gertatzen zitzaidan. Hurrengoa nire ama izan zen, eta gero nire senar zenari deitu egin nion. Gogorrena izan zen etxean haurrei azaldu behar izatea.
Nola azaldu zenien uler zezaten?
Mikel eta Iñigori [semeak] kontatu nien zer gertatzen zen, banekienean ongi zer zen koskor hura. Oso gogorra da hori, nolabait zu zarelako gaitza duena, baina aldi berean zu zarelako, ama bezala, indartsu mantendu behar dena, haiek zu baino ahulagoak direlako.
Azaldu nien gaixotasun desberdinak daudela munduan, beraiek katarroak-eta izan zituzten bezala, badirela gaixotasun batzuk azkar sendatzen direnak, beste batzuk gogorragoak direla, eta une horretan amak oso latza zen bat zuela, baina ez zitzaiola ezer gertatuko; bakarrik ilea galduko zuela, nekatuta egongo zela, batzuetan goragalea izango zuela… Baina argi utzi nien ez zitzaidala beste ezer gertatuko. Lasai egoteko, medizina batzuk bazeudela hori sendatuko zidatenak; luzea izango zela, baina sendatuko nintzela. Haiek, biak, nire ondoan helduta, izututa. Azkenean, beldurra pasatzen dute, eta zoritxarrez, nire bi semeek momentu txar asko bizi behar izan dituzte: minbizia, gurasoen banaketa, hurrengo minbizia, geroko metastasia… Kolpe bat bestearen atzetik etorri zaie.
«Medikuekin hasi nintzenetik gaur egunera arte, denak izan dira benetan zoragarriak»
Baina, une hartan, lehen minbiziarekin, nahiko argi nuenez zer zen, eta ziurtatu zidatenez ondo kenduta zegoela, sendo egon nintzen. Indartsu papera hartu nuen, esan zidatelako jarrerak asko balio zuela, eta erabaki nuen aurrera egingo nuela indar osoz; nire semeak hor zeuden, babestu behar nituen.
Alderdi fisiologikotik, zer moduz?
Nahiko ongi eraman nuen. Gogorra da, noski, medikazioa. Radioarekin jende askok oso gaizki pasatzen du, eta nik ez nuen bereziki sufritu.
Tratamendua hartu eta hiru egunetara ziztadekin hasten nintzen, bat egunero zazpi egunetan zehar, eta laugarren egunean hasten nintzen gaizki jartzen. Normalean asteburua zen kaka eginda pasatzen nuena. Eta hortik, berriro aurrera.
Jarraitu nuen haurrak eskolara eramaten prozesu guztian zehar, eta askotan bila ere joaten nintzen. Zazpi edo zortzi hilabete izan ziren.
Zonaldea garbitzeko egin zizuten bigarren ebakuntza, ezta?
Bai, behin koskor hori kenduta analizatu egin zuten, eta minbizia zela jakiterakoan beste ebakuntza bat egin zidaten zonaldea ongi garbitzeko. Zeren, gainera, ‘zelula argiak’ deritzenak ziren, eta oso azkar doan minbizi bat da hori.
«‘Minbizia duzu’ esan zidatenean munduko gauzarik txikiena bezala sentitu nintzen»
Esan beharra dago diagnostikotik, medikuekin hasi nintzenetik eta gaur egunera arte, denak izan direla benetan zoragarriak. Jende bat, benetan, psikologia puntu bat baduena, beti ongi tratatzen zaituena, beti hitzak non jarri eta nola esan badakiena… eta hori asko eskertzen da, une horietan zu oso galduta baitzaude.
Esan zidaten minbizi primario bat zela, eta hori kendu daitekeela arazo handirik gabe. Bai jaso behar nuela kimio eta radioa, baina hasiera batean arazorik gabe joan egingo zela. Kimioa 21 egunero ematen zidaten, sei saio izan ziren denera, hiru ordukoak, gutxi gorabehera. Radioa 33 sesio jarraian izan ziren. Ilea galdu nuen; hori, jada, lehen kimio sesioarekin ohartarazi zidaten.
Nola eragin zizun horrek?
Lehen aldiz ilerik gabe ikusi nuenean nire burua, nire aita ikusi nuen ispiluan. Ile-apaindegira joan nintzen, kaskamotz utzi ninduten, baina esan nuen: «Ilea jaioko da».
Semeak oso txikiak ikusten nituen horrelako aldaketa baterako, eta diru asko gastatu nuen ileorde on bat erosteko. Nire ile berdina izatea nahi nuen, kolorean, tamainan, eta ile naturalekoa erosi behar izan nuen. Bekainak ere tatuatu nituen.
Une honetan gertatu balitz, ezer gabe aterako nintzateke kalera.
Lehen minbizi hura pasata, zer?
Jo, oso indartsu. Ikastolara buelta, pozik, berriro ere… Egia da hori pasa eta banandu egin nintzela; behar hori nuen. Baina berriro hasi nintzen bizitzaz gozatzen, pisu handia kendu nuen gainetik.
Kontrol azterketak etorriko ziren gero.
Lehenengora beldurrez joan nintzen. Ez dakizu dena ongi egongo den, baina baiezkoa jasotzen duzunean, oso pozik. Bigarren azterketara ere, hurrengo urtean, erdi beldurtuta. Hirugarrenean, jada, ez nuen beldurrik. Laugarrenera lasai joan nintzen. Bosgarrenera, ongi. Eta seigarrenean, berriro masailekoa.
Bularrekoa ongi zegoen, baina eskaner oso bat egiten dizutenez tarteka, hor ikusi zuten giltzurrunean nuela. Biopsia bat eginda jakin zuten ez zela bularreko berdina, primario bat zela hura ere, baina desberdina.
Beste susto bat izan zen, baina esan zidaten giltzurrunetik zintzilik zegoela; zatitxo bat kenduko zutela, eta ez nuela ez kimio ez radiorik jaso beharko. Ebakuntza egin zidaten, zazpi egun eman nituen ingresatuta odol asko galtzen duzulako ebakuntzan, baina listo.
Lehen azterketara, hortxe zoaz, beldurrarekin. Bigarrenera apur bat lasaiago. Hirugarrenera, lasai. Laugarrenean…
Txosten hartan jartzen zuen «gehiago eta handiagoak» zirela noduluak [biriketan]. Horrek esan nahi zuen aurreko proban ere bazeudela, zerbaitekin ari baitziren konparatzen, baina niri inork ez zidan ezer esan lehen horiei buruz. Horrek erretxindu ninduen.
Kendu, eta biopsiatu egin zuten biriketako noduluetako bat, jakiteko ea aurrekoren baten metastasia ote zen edo primarioa zen, eta ikusi zuten giltzurrunetatik eskapu egindako zelulak zirela.
Une hartan, zein pentsamenduk zeharkatu zintuen?
Momentu batzuetan sentitu naiz boxeolari bat bezala, bata bestearen atzetik datozen kolpeei erantzuten. Eta, gainera, beti berdina gertatzen zait: niregan pentsatzen dut, noski, baina gehiago pentsatzen dut seme eta amarengan. Nire amak adin bat du, eta egia da lehen biak oso ongi hartu zituela, baina hirugarrena, ikusiz giltzurrunekoaren metastasia zela… Haren aurpegia benetan terrore aurpegia izan zen. Ni gaizki nengoen, eta ama babestu behar nuen, eta hark ere ni babesteko beharra sentitzen zuen… Oso gogorra izan zen hura.
Eman zizuten azalpen gehiagorik?
Urologoak deitu zidan, eta onartu zidan ez zela gai esateko zelula horiek giltzurruneko ebakuntzaren aurretik edo bitartean eskapatu ote ziren. «Nik ez diot nire buruari errurik kenduko, ezta jarriko ere», esan zidan, eta alde horretatik, tipoa, jator, zintzo.
Hiru puntutxo nituen. Haietako bat kendu zidaten biopsiatzeko, pentsatzen zuten birikaren zati bat kendu beharko zutela, baina azkenean lortu zuten ez ukitzea, eta beraz, birikak osorik ditut.
Giltzurrunetatik biriketara egin bezala, beste nonbaitera ere ihes egin zezaketen zelula horiek.
Bai, eta hori da, noski, egunero dudan beldur handiena. Lau hilabetero egiten didate eskaner bat, eta kimioa piluletan hartzen ari naiz; lau astez jarraian hartzen ditut, eta bi ditut deskantsatzeko.
Orain urtebete inguru izan zen ebakuntza, eta tratamendua, bizitza osorako. Metastasia dudanez, niregan dago minbizia betirako, eta gorputzeko beste edonon egon daitezke zelula horiek.
Nolakoa da, biziarteko kimio tratamenduarekin, egunerokoari aurre egitea?
Batzuetan oso nekatuta sentitzen naiz, ile guztia zuritu zait, besoetakoa, bekainak tindatu behar ditut, betileak ere zuriak ditut… Ez banaiz margotzen, ez dira nire begiak ere ia ikusten. Tripetan ere eragiten dit, eta kontu handiarekin ibili behar naiz nora noan, komun bat egon behar da beti ondoan… Paseatu bai, egin dezaket, baina bide lauetan, ezin dut aldaparik igo, asko nekatzen zaidalako gorputza.
Orduan, bada, zure planak aldatu egin behar dituzu. Ezin dut mendira joan; kotxez igo behar dut, eta, adibidez, txakurrarekin banoa, gero han askatu.
«Ez dakidanez zenbat denbora dudan, erabaki dut biziko naizela»
Baina, tira, azkenean moldatu egin behar zara, eta duzunarekin bizi. Amorrua? Bai. Zergatik niri? Zergatik hiru? Zein gaizki banatuta dagoen dena! Bada, bai. Baina zer egingo duzu? Aurrera.
Hirugarren minbizi honekin erabaki dut bizitza bizitzea. Beldurragatik egin ez nituen gauzak egitea; horrela ibili nintzen udaran parapentean, eta beste batean paddle surfean. Eta horrela jarraituko dut, nahi ditudan gauzak probatzen! Ez dakidanez zenbat denbora izango dudan, erabaki dut biziko naizela; nahi dudana egingo dudala.
Muxu bat Belen eta Joanari.