Bidasoa Irun, itzulerarako prest
Munduko Txapelketako etenaldiaren ondoren, Bidasoa lehiara itzuliko da bihar Asobal Ligan. Denboraldiaren bigarren erdia garaipenarekin hasten ahaleginduko dira.
Eskubaloiko Munduko Txapelketak eragindako etenaldiaren ondoren, lehiara itzuliko da bihar Bidasoa Irun. Benidorm jasoko du Artalekun, 21:30ean, Asobal Ligako 16. jardunaldian. Bigarren itzuliko lehen partida izango da biharkoa, eta bidasoarrak sasoiaren bigarren erdia ahalik eta ondoen hasten saiatuko dira. Neurketak, gainera, beste elementu pizgarri bat izango du, Artalekuko Indarra animazio harmaila estreinatuko baita, taldeari babesa eta sostengua emango diona.
Momentu honetan, Bidasoa sailkapeneko zazpigarren postuan da, 16 punturekin; aurkaria, berriz, hamargarren da, 13rekin. Benidorm etenaldira bere momentu onenean iritsi ez bazen ere, Jacobo Cuetarak gogorarazi du Europan jokatzen ari den alde bat dela, “oso ondo lehiatzen” ari dena: “Europako talde bat da, oso ondo lehiatzen ari dena. European Leaguen talde handien aurka lehiakorra izatea lortzen ari da, baina gero, guri bezala, bi lehiaketa jokatzea kostatzen ari zaio. Talde handia da, arazo taktiko eta estrategiko ugari sortzen dizkio aurkariari eta hainbat defentsa mota ditu”.
Etenaldiak hilabete eta erdi iraun du, eta denbora horretan lanean gogor aritu direla baietsi du prestatzaile bidasoarrak. Geldialdia pasata, lehiara itzultzeko gogoz daudela aurreratu du, eta Artalekuren babesak lagunduko dituela ziur da: “Hilabete daramagu nahiko ondo lanean, oso pozik nago. Ikus dezagun gero lehiaketan, nork bere lekuan jartzen baitu. Etxean jokatzen dugu, guretzat babes handia da, eta lagunduko digun giro bikaina izatea espero dugu. Lehen partidan zalantzak daude, urduritasuna egon ohi delako eta kalitate handirik ez dagoelako. Sentsazioak orain onak dira, ikus dezagun nola lehiatzen dugun”.
Denboraldiaren erdira iritsita, “partidaz partida eta banan-banan” joateko aldarria egia du Cuetarak: “Ezin dugu harago pentsatu. Hiltzeraino joan behar da partida irabaztera eta gero hurrengoa etorriko da. Banan-banan joan behar dugu, ez gaude harago pentsatzeko edo kalkuluak egiteko moduan. Jardunaldi bakoitzean geurean pentsatuz joan behar gara, eta ahalik eta lehiakorrenak izan partida bakoitzean”.