Aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketa, Hondarribian
Bidasoa ibaian izango dira kategoria guztietako estropadak, mailaren araberako luzerarekin. Emakumeen traineruaren urteko lehena, Portugaleten.
Igandean jokatuko da, Hondarribian, Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketa, Hondarribia Arraun Elkarteak (HAE) antolatua. Bidasoa ibaian izango dira kategoria guztietako estropadak. 09:00etan hasiko dira lehen ontziak ateratzen, eta 12:00ak alderako den-denek bere bidea egina izango dute.
Orotara, hamabost arraun elkartetako arraunlariek parte hartuko dute lehian. Hondarribia Arraun Elkarteak, bere aldetik, 90 arraunlari izango ditu kategoria guztietako lehietan, 26 ontzitan banatuta. Zortziko bost ontzi izango ditu Bidasoan HAEk
Irteeren kokalekua mailaka ezberdina da. Hori bai, den-denek helmuga aireportuaren bukaeran izango dute. Hala, Haur eta Kadete mailetako kirolariek 4.000 metroko bidea egingo dute Behobiako zubitik hasita; Gazte Mailako eta Senior kategoriako ontziek, berriz, 6.000 metroko estropada egingo dute, Puntxas gasolindegi ondotik aterata.
Emakumeen trainerua, Portugaleten
Bestalde, emakumeen traineruak urteko lehen prestaketa estropada Portugaleten izango du, igande goizean bertan. Han beste 14 traineru izango dituzte lehiakide.