[Erreportajea] Zuntz optikoa Hondarribiko landa eremura iritsiko da
Hondarribiko landa eremuan dauden auzoetako ehun baserri baino gehiago izango dira banda zabala jartzeko proiektuaren onuradunak. Zenbait auzotan lanak aurreratuta daude.
Landa eremuan, ehun baserri edo etxebizitza baino gehiago daude, eta horiek guztiek, Interneteko konexio arazoak dituzte aspaldidanik: «Oso kobertura txarra dugu seinalea ez baita behar bezala iristen», azaldu du Garbiñe Zela baserritarrak. Internetera satelite bidez konektatzen dira, Jaizkibelgo antenetatik. Konexio hori, baina, ez da nahikoa egungo beharretara egokitzeko: «Gaur egun dena egiten da Internetetik, bai bankuko gauzak, baita medikurako tramiteak ere. Internet gabe ezin dugu bizi», dio Manolo Goikoetxea Bottikako bizilagunak.
Zelak azaldu du askotan gauza sinpleak diruditen gauzak egiteko oztopoak izaten dituztela: «Haurrek, adibidez, etxeko lanak egin behar dituztenean konexio falta badugu ezin dituzte egin. Telebista ikusteko, edozer deskargatzeko, pelikulak edo futbol partidaren bat ikusteko ere arazoak dauzkagu. Denerako genituen zailtasunak. Oso mugatuta gaude». Eguraldiak ere eragin handia izaten du konexioan. Zela: «Aurreko asteko eguraldi kaxkarrarekin Jaizkibelgo antena edo bertako gailuren bat izorratu egin omen zen. Orain, konpontzen ari dira, baina zazpi egun daramagu Internetik gabe».
Arazo horri aurre egiteko landa eremuko baserrietan banda zabala (zuntz optikoa) jartzeko proiektua abiaraziko du Hondarribiko Udalak, aldundiarekin elkarlanean. Lehenengo faseak sei eremu hartuko ditu: Bottika, Llobregat, Justiz-Akartegi, Artzu, Bekoerrota-Amute eta Santiagotxo-Arkolla. Eremu bakoitzak bere esku hartzea izango du. Dagoeneko Bottika, Llobregat eta Justiz-Akartegi eremuetako proiektuak Fointel eta Elecnor enpresei esleitu dizkiete, eta teknikariak baserriz baserri joan ziren proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Zuntza han dauden argindar posteetatik igaroko da. Bottikan, adibidez, instalazio hori egin berri dute. Orain etxera konexioa egitea falta dute. Ondoren, jabe bakoitzak zerbitzua zein enpresarekin kontratatu nahi duen erabakiko du.
Bizilagunek gogoz hartu dute proiektua. Zela: «Oso kontent gaude, bazen garaia». Goikoetxea: «Poza sentitu nuen. Poste hauek duela 50 urte gutxienez zituzten jarriak. Orain egin duten bezala lehenago ere egin zitekeen».