EH Bilduk Garoa Lekuona proposatu du Hondarribiko zerrendaburu izateko
Koalizioaren Hondarribiko Mahai Politikoak atzo arratsaldean egindako Herri Batzarrean aurkeztu zion proposamena militantziari. Datorren astean zehar onartu beharko dute, barne bozketa bidez.
Atzo arratsaldean Muara elkartean elkartu zen Hondarribiko EH Bilduren Mahai Politikoa militantziarekin. Bertan, koalizioak Garoa Lekuona Izeta alkategai izatea proposatu zuten datorren maiatzeko udal hauteskundetarako. Mahai politikoaren proposamena behin eginda, datorren astean zehar, otsailaren 2tik 4ra (ostegunetik larunbatera), barne bozketa prozesua egingo dute EH Bilduko militanteek, eta bertan onartuko beharko dute mahai politikoaren hautagai proposamenaren, edo besterik balego, haren edo haien artean.
Lekuona Zuzenbidean lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Enpresa Kudeaketako eta Irakasleen Prestakuntzarako unibertsitate masterren tituluak ditu. Azken hamabi urteetan, bada, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko teknikaria izan da. Bertan, mugikortasun jasangarria, erregai alternatiboak, edo logistika 4.0 antzerako lan lerroetan egin du lan. Bestela ere, hogei urte zituenetik txilibitoarekin aritu da Jaizkibel Konpainian, eta kapitaina izan zen 2006-2008 bitartean.
Bukatzeko, Hondarribiko EH Bilduk jakinarazi du zerrenda prestatzeko lanean dabilela ere, eta barne prozesua bukatzean, lehenbailehen egingo duela aurkezpen publikoa.