Lehendakariak San Telmo Gaztelua bisitatuko du bihar
Hondarribiko EH Bilduk eta PSE-EEk jeltzaleen hauteskunde kanpaina aurreko propaganda dela esan dute. Abotsanitzek berriz Hondarribiaren aldeko aldarrikapenerako baliatuko du bisita.
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Bingen Zupiria sailburua Hondarribian izango dira bihar San Telmo Gaztelua bisitatzeko. Bisita horrek hautsak harrotu ditu Hondarribiko Udaleko oposizioaren artean.
2022ko urtarrilean jakin zuten udal taldeek San Telmo Gaztelua salgai zegoela eta Hondarribiko Udalak hura erosteko lehentasuna zuela. Legeak aurreikusitako epea amaitzear zegoen. Oposizioko taldeak bat egin eta gaztelua jabetza pribatutik publikora pasatzeko eskatu zuten. Otsailaren 22an udal gobernuak oposizioko taldeekin bat egin zuen eta aho batez onartu zen gazteluaren erosketa.
Orain, monumentu historikoa, “alkategai berriaren aldeko propagandan lotsagabeki” erabiltzea leporatu dio EH Bilduk. Gainera, posta elektroniko bidez jakinarazi izana eta soilik bisita osteko prentsa agerraldira gonbidatu izanaz kexatu dira: “Ez gaituzte bisitara gonbidatu, bisita osteko prentsa agerraldira bai, ordea”. Horregatik guztiagatik, biharko ekitaldian parte hartuko ez dutela jakinarazi dute bilkideek.
Abotsanitz udal taldeak, berriz, Hondarriaren aldeko aldarrikapen gisa baliatu nahi du lehendakariaren eta sailburuaren bisita. Alde batetik San Telmo Gaztelua jabetza publikoa izateko herriak 3,5 euroko inbertsioa egin behar izan duela oroitaraziko die: “Eusko Jaurlaritzaren inolako laguntzarik gabe”. Eta bestetik, etorkizunean gazteluan egin beharreko ikerketa lanak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen bidez egin daitezela aldarrikatuko dute.
Hondarribiko PSE-EErentzat presazko bisita izan da biharkoa,eta gainera, gainontzeko taldeen agenda kontuan hartu ez izana leporatu dio udal gobernuari. Ildo horretan oposizioarekin “leial” jokatzen ari ez dela deitoratu dute.