Japonia ardatz duten bi film proiektatuko dituzte
18.95 zinema eta animazio egitasmoa bueltan da, eta Japoniako kultura tradizionalari lotutako bi film botako dituzte otsailaren 12an, Amaia KZn.
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du 18.95 egitasmoa bueltan dela. Zinema eta animazioa uztartzen dituen programaren hurrengo saioa otsailaren 12an izango da, 17:00etan, Amaia KZn. Japoniako kultura tradizionalari lotutako bi film proiektatuko dira jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpidatziekin: El hombre cono film laburra eta La princesa Mononoke pelikula.
Ohikoa den bezala, animazioa eskainiko da aldez aurretik proiekzioak dinamizatzeko. Saioko filmek Japoniarekin zerikusia dutenez, ikusleek Japoniako kultura tradizionala ezagutzeko aukera izango dutela azaldu dute antolatzaileek, Hayao Miyazaki animearen maisuaren eta Ghibli estudioen bidez.
Aiko Euskal Japoniar Elkartearen eskutik, 17:00etan ingurua girotzen hasiko dira oholtza gaineko zenbait ekitaldirekin. Horrela, Ekialde Urruneko herrialde horretako kulturan murgiltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ekitaldi horiek ordubete iraungo dute gutxi gorabehera. Kimonoaren erabilerari buruzko hitzaldi aurkezpen bat, emakumezko azken samuraiaren benetako istorioaren antzezlana edo obra horren aktore eta zuzendariekin hitz egiteko aukera egongo da tarte horretan. Horrez gain, kimono oihalekin egindako koadroekin apainduko dute Amaia KZ aretoa.
Sarrerak dagoeneko salgai daude 5,50 euroko prezioan Irungo Udalaren webgunean, Luis Marianoko turismo bulegoan eta Amaia KZko leihatiletan saioa hasi baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada.