«Miguel Angel bere etxean geldituko da»
Gaur bukatzen zitzaion Miguel Angel Medrano irundarrari bere etxebizitzan alokairu sozialena bizitzeko kontratua. Eragileen babesa jaso du.
«Nahi dudan gauza bakarra da, orain arte egin dudan bezala nire alokairua hilabetero ordaintzen jarraitzea da». Horiek Miguel Angel Medranoren hitzak dira, gaur Donostian esanak. Stop Kaleratzeak-ek deituta, prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin dituzte gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan Sabadell banketxeak duen egoitzaren aurrean. «Migel Angel etxean geldituko da», ziurtatu dute plataformako eledunek. Hura babespeko hainbat gizarte eragile eta sindikatuko ordezkariak izan dira gaur Donostian, tartean Irungo Udal Gobernuko bi kide.
Irundarrak bere etxebizitzarekin bermatu zuen Sabadell bankuarekin mailegu bat, finantza krisiaren ondorioz semeak ordaindu ezin izan zuen negozio baterako. Hori dela eta, pisua ordainean ematea lortu zuela adierazi dute plataformako kideek, hiru urteko alokairu sozialeko kontratua adostuz, Medranoren zaurgarritasun egoera zela eta 2021eko urtarrilaren 24an bukatu zena. 2020ko abenduan banku horren aurrean egindako elkarretaratzeari esker, urtebeteko luzapena lortu zuen, 2022ko urtarrilaren 24ra arte. «Ondorioz, gaur etxebizitza utzi behar du, Hala gertatzen ez bada, jabetzak etxegabetze demanda bat aurkeztuko du».
Gaurko agerraldia aurretik urratsak egin dituzte Medranok eta Stop Kaleratzeak-ek. Solviarekin, putre funtsen jabetzak kudeatzen dituen higiezinen agentziarekin hiru hilabetez negoziatu ondoren, kontratua zazpi urterako berritzeko ahalegina egin zen alokairu sozialaren errenta 315 eurotik 600era igotzea eskainiz: errentatzaileak egoera hori onartu ez duela azaldu du plataformak.Hala, irundarrak giltzak utziko ez dituenez, eta bizitza osoko etxebizitza hustuko ez duenez, etxegabetze demanda bat aurkeztuko diotela jakinarazi du plataformak. Mobilizazio sozialarekin, “kosta ala kosta”, eragotzi egingo dutela aurreratu dute.