Ideialekun topaketa irekiak antolatuko ditu EAJk
Irunen etorkizunerako funtsezkoak diren eta herritarrak kezkatzen dituzten gaiak jorratzeko topaketak izango dira. Eneko Goia, Donostiako alkatea, izango da lehenengo gonbidatua.
Irungo EAJk Irunen etorkizunerako funtsezkoak diren eta herritarrak kezkatzen dituzten gaiak jorratzeko topaketak antolatu ditu.
Jeltzaleek azaldu dutenez urteak daramatzate auzoetara hurbiltzen eta bizilagunei zein elkarteei entzuten, “elkarrekin eraikitako proiektua” eskaini ahal izateko. Horregatik, herritarren ideiak, kezkak eta iritziak jasotzeko eta Irungo etorkizunerako funtsezkoak diren gaiez hausnartzeko hainbat hitzaldi antolatu dituzte.
Hilaren 31an (asteartea da) izango da lehenengo topaketa irekia eta Hirien eraldaketa eta etorkizuneko Irun gaia izango dute hizpide. Eneko Goia gonbidatu gisa bertaratuko da eta harekin batera izango da Xabier Iridoi, jeltzaleen Irungo alkategaia. Iridoik Irunerako duen proiektua azalduko du bertan.
Topaketez gain, orain artean aritu diren bezala, Ideialekuko egonaldiak egiten eta auzoetara bisitak egiten jarraituko dutela jakinarazi dute, “auzoetako arazo eta erronka garrantzitsuenak identifikatzeko eta hauei aurre egiteko”.